Gaur sartu dira Hego Euskal Herriko probintziak konfinamendua arintzeko 1. fasean. Berrikuntza nagusietakoa da ostalariek aukera dutela, muga askorekin bada ere, terrazetan zerbitzua eskaintzeko. Zarautzen taberna gutxi izan dira, ordea, martxan jartzearen aldeko apustua egin dutenak. Kasu askotan terrazaren erdia soilik ateratzea ez zaie errentagarri ateratzen tabernariei, eta gaurko astelehena eta eguraldi kaskarra tarteko, pertsiana gehienak jaitsita izan dituzte ostalariek. Salbuespen batzuk izan dira ordea: terrazetako mahaiak elkarrengandik ondo bereizita, zerbitzua ematen hasi dira zenbait.
Dena den, bai bezero eta bai tabernarien artean, zalantzak dira nagusi oraindik: bi metroko tarteak mahaitik mahaira izan behar duen, mahai berekoen artean ere distantziak mantentzea derrigorra den... Kezkak kezka, pilaketarik gabe, oinarrizko arauak errespetatzen eta ahoan irribarrea zutela ibili dira bezeroak. Tabernariak ere "gustura" agertu dira aurrerapausoagatik eta, orokorrean, bezeroen erantzuna "ona" izaten ari dela iritzi diote, nahiz eta ordu gutxi batzuk bakarrik daramaten martxan. Arduratuta ere badaude, ordea; malekoiko tabernari batek azaldu du udan egiten duten fakturazioa oso garrantzitsua dela beraientzat, eta aurtengoa erdipurdikoa izango denaren beldur da. "Udan terraza erdia soilik atera badezakegu, datorren negua oso luzea izango da", azaldu du.
Dendak, zabalik
Iragan astean zabaldu zituzten ateak merkatari txikiek, hitzordu bidez eta funtzionatzeko modu bereziarekin. Aste honetan, hitzorduaren baldintzarik gabe irekitzeko baimena dute, eta herriko hainbat arropa denda eta bestelako saltoki martxan izan dira gaur.