Gipuzkoako Foru Ogasunak 2019ko Errenta aitorpena aurkezteko modalitate mekanizatua aktibatuko du datorren asteazkenean, hilak 13, eta bulegoak irekita egongo dira uztailaren 29ra arte. Tartean da Azpeitiko bulegoa (Julian Elorza, 3). Ogasuneko instalazioak erabiltzeko beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea. Asteartean irekiko da horretarako epea; 943 11 30 00 telefonora deituta edo www.gipuzkoa.eus/ogasuna/renta webgunean sartuta hartu beharko da hitzordua. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Jabier Larrañagak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak sortu duen ezohizko egoerak errenta aitorpena aurkezteko modalitate hau atzeratzera behartu zituen. “Ezohizko agertokian jarraitzen dugu, eta hori dela eta garbiketa eta segurtasun neurri guztiak indartu ditugu bulegoak ireki aurretik”, adierazi du.
Ogasunak mantendu egiten du aitorpena beste modalitate baten bitartez aurkezteko gomendioa; hau da, etxeetara bidali den autolikidazio proposamena onartzea (aitorpen guztien %60 inguru dira) edota internet bidez aurkeztea gomendatzen du. “Agertokia benetan arraroa denez, Errenta kanpaina honetan ahalegin berezia egin dugu, Gipuzkoako zergadun guztiek beraien aitorpena etxetik mugitu gabe egin ahal zezaten. Horrela, helburu hori gauzatzeko martxan jarri genituen erreminta guztiak mantentzen ditugu”, adierazi du Larrañagak.
Bulegoek orain arte zituzten langile kopuru bera izango dute, baina egunean ohikoa baino %25 hitzordu gutxiago emango dituzte, instalakuntzetan jende pilaketak saihesteko. Gainera, langilea eta zergaduna isolatzeko babeserako manpara batzuk instalatuko dituzte. Itxaroteko ilarei dagokionean, gutxienezko bi metroko tartea errespetatu beharko da, eta bulegoan tokirik ez badago, zergadunak kanpoan itxaron beharko du. Gainera, bulegoen garbiketa indartuko da, eta gel hidroalkoholikoa jarriko da zergadunentzat, sarreretan eta irteeretan. Garrantzitsua da hitzordu bakoitzera pertsona bakarra joatea, eta bikoteen kasuan, nahikoa da bietako bat agertzea, bestearen idatzizko baimenarekin eta NANaren kopiarekin. Ogasunak beharrezkoa den dokumentazio guztia eramatea aholkatzen du, bulegoetara itzultzea ekiditeko. Itxaron ilarak antolatzen dituen langilearen aginduak betetzeko ere eskatu dute. Azkenik, zergadunak sukarra edota COVID-19 gaitzaren sintomak baldin baditu —edota sintoma horiek dituen norbaitekin bizi baldin bada—, ezingo du bulegora joan.
Arretarako bulegoak martxan
Errenta aitorpena aurkezteko azpiegiturez gain, herritarren arretarako bulegoak ere berreskuratuko ditu Ogasunak datorren asteazkenetik aurrera. Bulego horietan edozein zerga kudeaketa egin daiteke, Kasu horietan, ordu erdi aurreratuko da ohiko irekiera ordutegia: lanegunetan zabalduko dute, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara. Berritasun nagusi bezala, aurretiazko hitzordua hartzeko sistema ezarri dute bulego horietara bertaratu ahal izateko. Horretarako, modu bakarra 943 11 30 00 telefonora deitzea da. Zerbitzu hau ez da egongo erabilgarri webgunean, errenta mekanizatuko hitzorduarekin ez deskuidatzeko.
Errenta mekanizatuko bulegoetan bezala, herritarren arretakoetan ere ilaren kudeaketa eta kontrol sistemak indartuko dituzte, eta segurtasun neurriak hartuko dituzte. Bulegoren batera bertaratzeko asmoa duten zergadunei, Ogasunak eskatu die aurrez www.gipuzkoa.eus/ogasuna webgunea kontsultatu edo 943 11 30 00 telefonora deitzeko, egin nahi dituen tramiteetan behar duen dokumentazio guztia kontsultatzeko eta beharrezkoak ez diren desplazamenduak ekiditeko. Gainera, eta errenta kanpainan bezala, zerga kudeaketarako bide telematikoak lehenesteko gomendioa mantentzen da. Gaur egun, posible da ia edozein tramite etxetik egitea, departamentuaren bulegoetara gerturatu gabe.