Konfinamendua hasi zenean, sexu-dibertsitatearen eskubideez arduratzen diren elkarteek ohartarazi zuten heteroarautik kanpo bizi diren lagunengan COVID-19ak ondorio kaltegarriak izateko arriskua zegoela. Esan zutenez, etxe guztietan ez da onartzen sexu-dibertsitatea, eta, batek baino gehiagok ukatu edo ezkutatu egin behar izan du bere izaera, beste etxekideekin konfinatuta geratzean.
Dagoeneko abian dira zenbait ikerketa, LGTBIQ kolektiboan konfinamenduak izan duen eragina neurtzeko. Oraindik emaitzarik ez dagoen arren, aurreikusten dute ondorio kaltegarriak izango dituela ekonomikoki eta sozialki, beste gutxiengo batzuetan gertatzen ari den bezala.
Osasunaren ikuspegitik, beste aldagai batzuek ere zaurgarriago egiten dute populazio-talde hori. Hasteko, osasun-zerbitzuetara jotzeko gainerakoek baino joera txikiagoa dute, eta, joandakoan ere, besteak baino geroago joaten dira. Normalean, aurretik esperientzia txarrak bizi izan dituztelako izaten da; hala, guztiz beharrezkoa izan ezean, saihestu egiten dute osasun-sistemari laguntza eskatzea. Horrek, ordea, diagnostikoa eta tratamendua berandutzea dakar.
Kontsumo-ohiturek ere eragiten dute. Adibidez, ikusi dute COVID-19az gaixotzen diren erretzaileen bilakaera ez erretzaileena baino okerragoa dela. Bada, AEBn 2018an egindako ikerketa baten arabera, erretzaileen ehunekoa 10 puntu handiagoa da gayen, lesbianen, transexualen, transgeneroen eta bisexualen artean, populazio orokorrean baino (% 37 eta % 27, hurrenez hurren). Europan ere, tabakoarena ez ezik, beste substantzia adiktiboen kontsumoa zabalduagoa dago LGTBIQ pertsonen artean.
Horrez gain, beste gaixotasun batzuk izateak ere COVID-19aren larritasuna areagotzen du, eta konfinamenduak are zailagoa egin du gaitz horiek behar bezala zaintzea. Esate baterako, Gaceta sanitaria osasun-aldizkariaren arabera, emakume lesbianetan eta bisexualetan ohikoagoak dira obesitatea, osteoporosia, eta bularreko eta umetoki-lepoko minbiziak. Gizon gay eta bisexualetan, berriz, sexu bidez transmititutako infekzioak, eta uzki, kolon eta prostatako minbiziak nabarmentzen dira, baita elikadura-asaldurak ere. Azkenik, transetan, trantsizionatzearekin erlazionatutako aldagai fisikoak ez ezik (hormona-tratamenduak eta ebakuntzak), beren buruaz beste egiteko arriskua ere aipatzen du aldizkariak.
Oro har, azterketa askotan azaltzen da kolektibo horretan joera handiagoa dagoela depresioa eta antsietatea izateko. Aldagai fisikoak zein psikikoak okertu egiten dira, gainera, adinarekin, baita sozialak ere. Adineko pertsona gay, lesbiana, bisexual eta trans asko bakarrik eta baztertuta bizi dira; hortaz, konfinamendua bereziki gogorra da haientzat. Infektatuz gero, gainera, beste adinekoek baino are pronostiko okerragoa dute, aurretik aipatutako osasun-aldagaien ondorioz.
Erakunde ofizialek COVID-19aren eraginaz ematen dituzten datu publikoetan (kutsatutakoak, ospitaleratutakoak eta hildakoak), askotan ez dira sexuaren arabera bereizita egoten; are gutxiago, identitatearen arabera. Horrenbestez, zaila izango da eraginari buruzko datu errealak izatea. Elkarteen ohartarazpenek balio dezatela arreta jarri eta neurriak hartzeko, LGTBIQ kolektiboko pertsonek jasan ditzaketen ondorio kaltegarriak leuntzeko helburuz.