Alarma egoera ezarri zenetik, eskola kiroleko jardunaldiak eta saioak etenda egon dira behin-behinean. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2020 ikasturteko eskola kirola behin betiko bertan behera uztea erabaki du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol departamenduaren erabakiak "ikasleen osasuna babestu" nahi du, "kirol lehiaketak ez baitu ahalbidetzen osasun arloko agintariek gomendatutako distantzia fisikoa mantentzea".
Aldundiaz gainera, udalek, ikastetxeek, federazioek eta klubek parte hartzen dute eskola kirolean, eta guztira, 40 kirol modalitate inguru eskaintzen dira. Eskola kirolaren barruko lehiaketetan 33.000 ikaslek parte hartzen dute Gipuzkoa osoan; eta 20.000 ikaslek, berriz, hastapen jardueretan.
Datorren ikasturteari begira, aldundia aztertzen ari da eskola kiroleko ekintzak nola antolatu, parte hartzaileen "segurtasuna" kontuan hartuta. Aldundiak dei egin die haur zein gurasoei etxean zein kalean kirola egiten jarraitzera, "beti ere beharrezko segurtasun neurriak hartuta".