Toki komunikabideek tinko eutsi diote jarduerari eta gertuko komunitatearekiko konpromisoari. Egun konplikatu hauetan, ahalegina biderkatu dute bizilagunak zehatz eta puntual informatuta eta entretenituta edukitzeko. Horixe delako hedabideen bokazioa, noski, baina gainera, legez ere behartuta egon direlako: alarma egoeran jarduera ekonomiko gehienak geldiarazi diren bitartean, komunikabideak zerbitzu esentzial gisa hartu dira hasieratik, eta beraz lanean jarraitzera behartuak izan dira.
Interneteko kontsumoa gora, nabarmen
Lanean jarraitzeko konpromiso eta legezko betebehar horrek zailtasun teknikoak eta kostuak ere biderkatu ditu: langileak, elkarrizketatuak eta erabiltzaileak babesteko neurriak eta protokoloak, kalean kazetaritza zein banaketa lanak egiten ibiltzeko zailtasunak... Ezohiko egoera honetan informazioa jasotzen eta hedatzen jarraitzeko konpromisoak irudimen handia eta ahalegin fisiko eta ekonomiko erraldoia eskatzen ari da. Baina sektorea oso harro dago lortutako emaitzekin, eta publikoak emandako erantzunarekin: Tokikomeko toki komunikabideen Interneteko kontsumoa, adibidez, %97 hazi da 2020ko apirilean, 2019ko datuekin alderatuz gero; krisia hasi zenetik, berriz, %62 hazi da. Ondo egindako lanaren adierazgarri argia, zalantzarik gabe.
Eta Zarauzkohitza.eus-en datuak ere igoera horren erakusgarri dira. 2020ko martxoan eta apirilean inoizko bisita gehien izan ditu Zarauzko atari digitalak; izan ere, bi hilabete horietan 140.217 bisita eta 204.893 bisita izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek, hurrenez hurren. 2019ko datuekin alderatuz gero, martxoan %74,01 hazi da kontsumoa, eta apirilean, berriz, %154,27. Zarauzkohitza.eus-ek bide beretik jarraituko du herritarrei informazio zuzena, zehatza eta anitza emateko ahaleginean, hori baita bere egitekoa.
2.532.720 euroko galera
Harro eta pozik egoteko motiborik ez da falta toki komunikabideen sektorean, baina egoera luzatu ahala, kezka ere areagotzen doa. Ahalegin, lan-zama, kostu eta informazio eskaera gehigarri hau toki komunikabideen diru-iturri propioen inoiz ez bezalako murrizketarekin batera iritsi da. Tokiko jarduera soziala, ekonomikoa eta kulturala erabat geldituta, komunikabideon publizitate eta zerbitzu salmentak egun batetik bestera desagertu dira.
Tokikomek bazkide dituen 25 entitateen artean egindako ikerketa baten arabera, martxotik abuztura %72 murriztu da batez beste toki komunikabideen fakturazioa, kasu askotan %80ra ere iritsiz. Berez oso oparoa ez den egoera normalean izan ohi diren lan kargak eta kostuak biderkatu egin dira egunotan, eta diru sarrerak, berriz, nekez iristen ari dira betikoen laurden bat izatera. Eurotara ekarrita, aurreikuspena da toki komunikabideek 2.532.720 euroko diru sarrerak galtzea abuztura bitartean, publizitatean eta bestelako komunikazio zerbitzuetan izandako murrizketen ondorioz. Irailetik aurrera zer eta nola etorriko den ere ez dago jakiterik, baina ezin optimista izan.
Erakundeen eta gizartearen babesa
Gauzak horrela, sektoreak bizi duen egoera agerian utzi nahi du Tokikomek. Proiektu askoren biziraupena kolokan dago une honetan, 50 egun hauetan diru-sarrerarik gabe baina inoiz baino lan gehiagorekin aritu, eta are gehiago, legez ere zerbitzu esentzial gisa jo ondoren.
Beste hainbat sektorek bezala, toki komunikabideenak ere erakundeen eta gizarte osoaren babesa beharko du datozen garaiotan, esentzialtasun hori garai txarretan eta hobexeagoetan ere aitortzeko. Tokikom erakundeekin elkarlan estuan dabil babes horri forma zehatza emateko ahaleginetan. Hainbat bidetatik etor liteke babes hori: publizitate instituzionala egiterakoan Google, Facebook eta Twitter bezalako multinazionalen gainetik lehenetsiz, publizitate kontratazioa hobari fiskalen bidez sustatuz, dirulaguntzen justifikazioetan malgu jokatuz...
Gizarteari, berriz, toki komunikabideak egiten ari diren lana ondo gogoan hartzeko eskatu nahi diogu. Egunotan haien bidez jakiten ari gara zein dendatan eros dezakegun eta zeinetan ez, noraino iritsi gaitezkeen paseoan, gure udalak zein zerbitzu duen martxan eta zein ez, nola parte hartu herriko elkarteetan eta ekimenetan... Informazio eta zerbitzu garrantzitsua da hori, sarritan behar bezala baloratzen ez dena.