Ujue Arozena: "Behin hau ikusita, aldatu egiten zaizu ikuspegia"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko maiatzaren 7a

Ujue Arozena (ezkerrean) sukaldari lanetan, Lesbosen. (Utzitakoa)

Lesbos irlan (Grezia) dago Ujue Arozena (Zarautz, 1981) Zaporeak proiektuarekin, bertako errefuxiatuei otorduak prestatzen. COVID-19 gaitzagatik itzultzeko aukera izan bazuen ere, laguntzen geratu zen han.

Nola zaudete hor, mundua hankaz gora dagoen honetan?
Hau guztia hasi baino lehen ere hankaz gora zegoen Lesbos. Ondo gaude, lan eta lan; gero eta lan gehiagorekin, gero eta jende gehiagok dituelako beharrak. Koronabirusaren kontuarekin boluntario lana ere aldatu egin da. Lehen boluntarioek hiru asteko egonaldiak egiten zituzten, baina orain talde finko bat ari gara lanean; ezin dugu ez atera eta ez sartu. Hemengo errefuxiatu batzuen laguntzarekin jarraitzen dugu sukaldea egunero martxan jartzen.

Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira ez itzultzea?
Urtarrilean etorri nintzen boluntario, hiru asteko txango horietako batean. Kontu batzuenagatik pixka bat gehiago geratu nintzen, eta nire eskuak eskaini nituen; izan ere, sentitzen nuen egiten nuen hori garrantzitsua zela, eta, behingoz, ez zela nigatik egiten nuen zerbait. Ikusita hemen zer dagoen, zerbait egin nahi nuen, gutxieneko bat. Ez nuen pentsatu bueltatzea, jarraitzea nahi nuen.

Posible al da errefuxiatuen kanpamendu batean segurtasun neurriak bermatzea?
Hemen faxisten krisia gertatu zen aurrena, eta gero, koronabirusarenarekin elkartu zen. Orduan, errefuxiatuekin hartu zituzten neurriak. Moria kanpalekuaren kanpoaldean bizi diren 21.000 pertsonari handik mugitzeko aukera kendu zieten. Gu ondo gaude, baina beraiek ez. Zuek esaten duzue eskuak garbitu behar direla, metro eta erdiko distantzia zaindu behar dela… Hemen ezinezkoa da hori; beraiek iturri bat dute mila pertsonarentzat eta eguerdian ura mozten diete. Dendak metro bat baino gutxiagoko distantzian daude jarrita; beraz, zerbait gertatuz gero, katrastrofe handia litzateke. Gu libreki mugitzen gara; ez gaude zuek bezala, baditugu aukerak. Hemen pertsona denak ez gara berdinak. Gaude gu, eta daude errefuxiatuak.


Bereizketa horrek zer pentsatua emango zizun.
Bai, gogorra egiten da. Gu sukaldean ez gaude bakarrik, beraiekin egiten dugu lan. Berdinak gara sukaldean sartzen garen momentutik, baina kalera ateratzen garenean, ez. Beraiek ezin dute kalean egon. Gezurra ematen du zurekin egun osoa pasatzen duen pertsonak atea pasatu eta ez izatea zure eskubide berak. Ni orain ezin naiz itzuli Euskal Herrira hegazkinik ez dagoelako, baina beraiek ezin dute mugitu inoiz. Urteak igarotzen dituzte hemen paper batzuen zain, eskubiderik gabe. Koronabirusaren beldur badira, baina beraien arazoa beste bat da.


Zein da beraien arazoa?
Europara asilo eskakizun bat egitera etortzen direla, eta bizitzan izan duten infernu handienarekin topo egiten dutela. Plastikozko dendetan sartzen dituzte, eta giltzapetuta daude inoiz iritsiko ez den elkarrizketa baten zain. Hemen egin behar dituzte asilo paperak derrigor. Hona iristean paper kontua konpontzen ez badute, ilegalak bihurtzen dira betirako. Hau pauso bat da beren bizitzak berregituratzeko, baina hemen dena blokeatzen eta suntsitzen diete, eta irla batean preso uzten dituzte.


Jarraitzen al dute etortzen?
Jaitsi egin dira etorrerak; lehen lau edo bost ontzi iristen ziren, eta orain gutxiago. Lehen Moriara bidaltzen zituzten iritsi berriak, eta orain berrogeialdian jartzen dituzte unean bertan. Hondartzan blokeatzen dituzte, eta hor geratzen dira hamabost egunez, ezin mugituta. Hori oso bortitza da. Guk ez daukagu jende horri janaria ematerik, ilegala da. Giza trafiko horren barruan sartzen gara gu ere. Beraiei laguntzea, berez, ez da legala.


Hori nola uler daiteke?
Honetaz hitz egitean ileak puntan jartzen zaizkit. Ez dakit nolatan, baina hala da. Modu batean, guk uzten dugu hala izan dadin. Gu janariarekin aritzen gara; oso oinarrizkoa da egiten duguna, baina hala ere arazoak izaten ditugu gure jardunerako.


Zer eman dizu esperientziak?
Momentu oso gogorrak. Nahiz eta egunero ikusi, askotan ez duzu sinesten nola litekeen hau guztia zure ondoan gertatzen egotea. Banekien nora nentorren, baina ez nuen uste hau topatuko nuenik; pentsatzen nuena bain askoz larriagoa da. Behin honekin konektatuta, zailagoa egiten da beste alde batera begiratzea; bat-batean, aldatu egiten zaizu ikuspegia. Hau ikusi dudanez, laguntzen jarraitu nahi dut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide