Iritzia: 'Tarota'

Nerea Loiola 2020ko mai. 7a, 09:30

Nerea Loiolak gaurko Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalerako idatzi duen iritzi artikulua.

Pasa den ostiralean, bazkalosteko topaketa birtual bati bukaera ematen ari ginela, pantailaren beste aldetik Taroteko kartak botatzerik nahi al nuen galdetu zidaten. Jolas sinpatikoa iruditu zitzaidan une horretan, izango zuen eragina seguruenik aurretik hartutako ardo kopatxoak; eta horrelako kontuetan nahiko eszeptikoa naizen arren, baiezkoa esan nion.

Bere egongelako mahai gainean zabaldu zituen karta guztiak buruz behera eta nire ezkerreko eskuarekin bat aukeratzeko eskatu zidan, subkontzientearen eskua omen. 

DIBERTIMENDU. Bizitza erraza, dibertigarria eta atsegina eginez gozatzen dut. Aisialdirako unea da.

Kartaren aurkezpen esaldia gustuz jaso nuenik ez dut ukatuko, eta are gehiago gustatu zitzaizkidan jarraian irakurri zizkidan hitzak: Zure auto-exijentziak hainbesterako izan ez dela sinestarazten badizu ere, luzaroan egin duzu lan, dela zerbait hautemangarrian, dela, agian, ideia bat proiektu batean islatuz. Orain gozamena, jolasa, dibertimendua, irribarrea eta erlaxazioa ekarriko dizkizuten gauzak egiteko garaia da.

«Horixe baietz», pentsatu nuen. Urte asko daramatzat helburu profesional batzuk lortzeko gogor lanean, bai eta familiagintzari denbora eta energia izugarriak eskaintzen; eta noski, desorduetan eta intermitenteki, nire osasun mentala zaintzeko beharrezkoak ditudan proiektuak aurrera eramanez. Eta bat-batean, koronabirusa. Lan gehiago egin ezin nuenaren ustea desintegratu duen xomorroa. 

Bi galdera zorrotz jaurti zizkidan orduan taroteko kartak gupidarik gabe: Erraza egiten zaizu zeure buruari gozamena ematea? Zer jarduerekin sentitzen zara aske?

Aske zerk egiten nauen jakiteko, lehendabizi niretzako askatasuna zer den jakin beharko nuke; eta garbi daukat duela zazpi aste emango nukeen erantzunak ez duela zerikusirik orain esango nukeenarekin. Nola ba? Duela astebete pasa sekulako askatasuna sentitu nuen ordubetez haurrekin hondartzan jolasteko aukera izan genuenean! Uztailean, Frantzia iparraldea ezagutzekoak ginen, eta orain, konformatuko nintzateke udaran Zarauzko hondartzan mugarik gabe bainatzeko askatasunarekin. Beraz, garbi daukadan gauza bakarra da askatasuna erabakiak hartzeko gaitasunarekin lotzen dudala. Baina kontzeptu guztiz erlatiboa dela ere ulertu dut, aldakorra; eta horrek beldurtu egiten nau. Beldurtu egiten nau, ikusten dudalako martxan jarri duten kontrol sozialak funtzionatu egiten duela, asteak aurrera egin ahala askatasun ezera ohitu egin garelako, bertan aske sentitzeraino. Beldurtzen nau kapitalismoz jantzitako señoroak algara batean irudikatzeak, gure egunerokotasuna produzitzera eta kontsumitzera egokitu ditugula ikustean, dibertimendua pixkanaka gure kaleetatik ezabatzen dela dastatuz.

Pandemia kontrolatzeko aitzakian, beharrezkoak ziren neurri batzuen artean, beste helburu batzuk lortzera bideratutako neurri batzuk ere ezarri baitizkigute: dibertsioa, gozamena, zaintza eta bizi-poza deuseztatzea, esaterako. Nola ulertzen da bestela une honetan haurrek bainua debekatua izatea itsasoan? Ardura eta dibertsioa bateraezinak balira bezala jokatu dute maiz, distantzia eta gertutasuna, COVID-19 gaitza eta irribarrea. 

Eta nire kasuan, lortu egin zuten: sinistu egin nuen ez zegoela tarterik inolako aitzakiarik gabe barre egiteko edo dantza egiteko. Etenik gabeko zaintza eta enplegu-aniztasun uholde batean itota, ezinezkoa zitzaidan dibertimendua bezalako gauza oinarrizko bati tartea eskaintzea. Itxialdiaren erdi-erdian, guztiak eztanda egin eta arnasa eten zidan arte.

Horregatik, erabaki dut kasu egingo diodala Tarotari. Neure buruaz barre egiteko garaia da, neure gauzez, zentzurik gabe, ez ditut hain serio hartu nahi neure buruaz edo bizitzaz gustatzen ez zaizkidan alderdiak, neureganako algara jator bihurtu nahi ditut. Bizitza jolas bat da, batzuek kontrakoa ezarri nahi badigute ere. Arduraz jokatzen jarraituko dut uneoro, baina ezartzen dizkiguten arau zentzugabeen zirrikituetatik jolastuko naiz.

Norbere buruari errepikatzeko hitz batzuk proposatzen zituen kartak bukaeran, transmititu nahi duen hori barneratzen laguntzeko. Gozamena. Kilimak. Malgutasuna. Kilimak, ezer ederragorik? 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide