Dia supermerkatuetako langileak lanuztera deitu ditu ELAk

Zarauzko Hitza 2020ko maiatzaren 6a

Orduerdiko bi lanuzte egingo dituzte; 12:00etatik 12:30etara bata eta 17:00etatik 17:30etara bestea. Segurtasun neurri zorrotzagoak eta langile gehiago eskatuko dituzte, besteak beste.

ELA sindikatuak ordu erdiz lanuztera deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Dia supermerkatuetako langileak, eta horien artean, Azkoitikoak, Oriokoak, Zarauzkoak eta Zumaiakoak. Segurtasun neurri zorrotzagoak eta langile gehiago eskatzeko egingo dituzte lanuzteak, astelehenean, bi txandatan: 12:00etatik 12:30etara eta 17:00etatik 17:30etara.

Sindikatuak adierazi du Dia supermerkatuen egoera “kritikoa” dela hasieratik eta kateko enpresak kudeatzen dituzte enpresei eskatu die langileei aitortzeko egiten duten esfortzua eta ordaintzeko sartzen dituzten aparteko orduak. Horrez gain, Dia supermerkatuetan segurtasuna bermatzeko neurri gehiago hartzeko eskatu du sindikatuak eta baita langile gehiago kontratatzeko ere, lan kargari aurre egiteko. ELAk gaitzetsi egin du Dia kateko saltokiak ohiko lan ordutegira itzuli izana —09:00etatik 21:00etara— eta eskatu du ordutegia murrizteko, langileek lana eta familiako betebeharrak uztartzeko aukera izan dezaten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide