Martxan dira hainbat denda eta zerbitzu, arinaldiaren 0. fasean

Aritz Mutiozabal eta Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 4a, 16:20

Larros ileapaindegiak ateak zabaldu ditu gaur, hartu beharreko neurriekin. (Aritz Mutiozabal)

Hitzordu bidez, saltokientzat "guztiz berria" den moduan hasi dira lanean gaur herriko hainbat denda txiki. "Arraroa" iruditu bazaie ere, "albiste ona" da berriro ere jarduerari ekin ahal izatea.

Konfinamenduaren arinaldiaren 0. fasea hasi da gaur. Atzo zehaztu zituzten denda txikiek ireki ahal izateko bete beharreko neurriak, eta, horiek beteta, lanean hasi dira gaur Zarautzen zerbitzua ematen duten hainbat dendari. Horietako bi dira Andere estetika produktu profesionalen dendako Aitzpea Agirrezabalaga eta Helmuga kirol dendako Iña Azkue. Hitzordu bidez hasi dira martxan dendak eta, bientzat arraro samarra ari da izaten gaurko eguna. Aholkulariak dituzten arren, "deskolokatuta" dago Agirrezabalaga, eta gaur "erotu beharrean" ibili dela aitortu du. "Gestoriarekin harremanetan gaude eman behar ditugun pausoak zuzen emateko, baina ez pentsa merkatariok informazio gehiegi dugunik honen inguruan", azaldu du Azkuek.

Hitzordu bidez egin beharko dute lan, aste honetan bederen, bi dendek. Alegia, dendako produktu bat nahi duten herritarrek aurrez deitu eta hitzordua finkatu beharko dute dendariarekin. "Norbaitekin 10:00etan geratzen bagara, hurrengoarekin 10:15ean edo 10:30ean geratu beharko dugu. Edonola ere, telefonoz galdetuko genioke zer behar duen, guk ere jakiteko zenbat denbora beharko dugun bezeroarekin egoteko", azaldu du Azkuek. Dendan finkatu du lehen hitzordua bezero batekin Agirrezabalagak, eta hura artatzera joan denean, beste zortzi bezero agertu zaizkio. "Bi langile ditut ERTEn, eta suposatzen da horiek hurrengo astera arte ezin direla lanean hasi. Horren inguruko informazioa bildu nahian nabil, behar dudalako, ordu batzuez behintzat, batenbatek laguntzea". Egoera "berria" da, eta "erotu beharrean" ibili da zarauztarra.

Edukiera ere egokitu egin behar izan dute; Agirrezabalagaren dendan bezero bakarra egon daiteke aldi berean eta, Azkuerenean, berriz, bi. Hitzordu bidezko sistemari buruz galdetuta, mesfidati agertu da estetika saltokiko dendaria. "Nik ez diot logikarik topatzen. Eroskira edo okindegira sar gaitezke, eta ohitu gara maskara, guanteak eta gel desinfektatzaileak erabiltzera. Gu denda txikiak garenez, banaka sartzeko aforoa jartzen badugu, beste neurriak manten ditzakegu berdin-berdin. Ile-apaindegiak, fisioterapia zentroak eta halakoak desberdinak dira, bezero batekin ordubete edo gehiago egon behar izaten dutelako". Dena den, badirudi hurrengo astelehenetik aurrera jardun normalari ekin ahal izango diotela, beraz, aste hau "nola edo ahala" igaroko dutela dio Agirrezabalagak.

"Aurrerapausoa" izan da neurri berria, izan ere, egoera "jasanezina" izaten ari zen, Helmuga kirol dendako saltzailearen arabera. "Denda ireki beharra dago. Osasun egoera pixkanaka hobera doala ikusten ari gara, eta jada martxan jarri behar dugu, era batera edo bestera", eman du jakitera Azkuek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide