Komunikabideen aurrean agerraldia egin du gaur eguerdian Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak, eta besteak beste, jakinarazi du astelehenetik aurrera derrigorrezkoa izango dela maskara jarrita eramatea garraio publikoa erabili ahal izateko. Azaldu du hamar milioi maskara banatuko dituztela garraio publiko sarean, herrietan eta baita boluntario elkarte batzuetan ere, horiek herritarren artean bana ditzaten.
Horrez gain, esan du alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea eskatuko duela datorren asteazkenean diputatuen kongresuan, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela datozen egun eta asteetan ere herritarrek babes neurriak hartzea eta arduratsu jokatzea, birusaren zabalkundean gorakadarik egon ez dadin.
COVID-19 birusari aurre egiteko alarma egoera ezarri zutenetik zazpi aste igaro dira, eta gaur lehenengo aldiz atera ahal izan dute herritarrek kalera kirola egitera nahiz paseatzera. Itxialdia arintzeko neurria da, baina hainbat baldintzarekin hartu dute erabakia.
Hauek dira errespetatu beharreko hemezortzi arauak:
1) 14 urtez gorako guztiek izango dute kalera irteteko baimena, paseatzera edo kirola egitera. Ezingo dira kalera atera, ordea, COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak edota zahar etxeetako egoiliarrak.
2) 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara paseatzera edo kirola egitera ateratzeaz aparte, umeak dituzten pertsonak haurrekin kalera atera ahal izango dira egunean beste behin. Ez dago aukeratu beharrik bat edo beste.
3) Ezinduak, 70 urtez gorakoak eta elbarritasunen bat edo behar bereziren bat duten pertsonak 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara irten ahal izango dira. Laguntzaile batekin edo bizikiderekin batekin atera ahalko dira.
4) Haurrak kalera ateratzeko baimenak indarrean jarraituko du, baina beste ordutegi batekin: 12:00etatik 19:00etara bitartean atera ahal izango dute kalera.
5) Kontaktu fisikoa dakarten kirolak debekatuta daude. Kirola egiteko, bakarka atera beharko da kalera; egunean behin egin ahal izango da jarduera fisikoa, horretarako zehaztutako ordutegietan (06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara).
6) Paseatzera irteteko, etxeko bizikide batekin bakarrik atera ahalko da kalera, edozein kasutan.
7) Laguntza behar dutenak edo mendekotasunen bat dutenak etxeko norbaitekin edo zaintzailearekin atera ahalko dira kalera, bai paseatzeko, bai kirola egiteko.
8) Paseoak egiteko, etxetik kilometro bateko erradioan mugitu ahalko da.
9) Kirola egiteko, norbera bizi den udalerriko mugen barruan ibili ahalko da.
10) Kirola egitera edo paseatzera beste norbaitekin ateraz gero, bi metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da, eta higiene eta segurtasun arauak bete.
11) Jende pilaketak saihestu beharko dira.
12) Kirola egitera ateraz gero, jarduera gelditu gabe egin beharko da; atseden hartu beharra izanez gero, ez luzatzeko eskatuko dute.
13) Udalei eta tokiko erakundeei agindu diete, jendea ez pilatzeko eta segurtasun distantzia bermatze aldera, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bizikletei gero, eta neurriak hartzeko hori horrela izan dadin.
14) Erabilera publikoko edozein kale edo ingurunetan paseatu edo egin ahalko da kirola, baita eremu natural baimenduetan ere, betiere dekretuak zehaztutako baldintzetan.
15) Kirola ezingo da kirol instalazio itxietan egin.
16) Ezingo dira ibilgailu motordunik (autoak, motorrak…) edo garraio publikorik erabili beste norabait joan eta kirola edo paseoa han egiteko.
17) 5.000 biztanle edo gutxiago duten udalerrietan, 06:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira dekretuak baimendutako jarduera guztiak, eta umeekin kalera irten ahal izango da. Era berean, horretarako aurreko egunetan argitaratutako dekretuaren baldintzen barruan.
18) Autonomia erkidegoek ahalmena izango dute, zahar etxeei dagokienez, dekretuak zehaztutakoak beste modu batera arautzeko.