Hiru kutsatu berri zenbatu dituzte azken orduetan herrian

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 2a, 14:06

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 142 dira guztira herrian kutsatutakoak COVID-19 birusarekin.

Atzo bezalaxe, gaur ere gorakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako zazpi lagun hauteman dituzte. Horietako hiru Zarautzen izan dira, eta bana Orion, Azkoitian, Azpeitian eta Aizarnazabalen.

Kontaketa hasi zutenetik, 258 dira eskualdean zenbatutako kasu positiboak, eta honako hauek dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian bost; Aian eta Zestoan launa; eta hiru Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldeetako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 150 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta, orotara, 16.119 dira kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen %73,2k dagoeneko gainditu du gaitza. Hiru lurralde horietan, bederatzi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.321 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.

Bestalde, aldundiak jakinarazi duenez, adineko pertsonen egoitzetan bi lagun gehiagok gainditu dute Covid-19a, eta pertsona horiek Zumaiako Otezuri zentroko egoiliarrak dira. Guztira, 227 dira jada mediku alta jaso duten Gipuzkoako adinekoak.

Osasun asistentzialerako itzulera

Osakidetzak jakinarazi du jarduera asistentzialerako itzulera hasiko duela “pixkanaka”. Hau da, COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisiaren ondorioz, programatutako jardueraren zati bat bertan behera utzi zuen Osakidetzak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, neurri horiek hartzea “beharrezkoa” izan zuten. Orain, “zuhurtziaz”, baina osasun asistentzialera itzultzeko plan bat jarriko du martxan. Plan horrek bere baitan hartzen ditu: ospitaleetako kanpo kontsultak, proba diagnostiko osagarriak, programazio kirurgikoa eta lehen mailako arreta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide