Larraitz Ariznabarreta: "Politikoki zuzena izateak duen garrantzi horrekin harritzen naiz"

Lander Muñagorri Garmendia - Berria.eus 2020ko maiatzaren 1a

Larraitz Ariznabarreta.
AEBetan bizi den zarauztarra da Ariznabarreta, eta berak uste du eremu askotan politikoki zuzena izan beharrak estatubatuar asko nekatu dituela. Donald Trump presidenteak pertsona horiekin guztiekin konektatu duela azaldu du. Hona hemen Berria egunkariak egin dion elkarrizketa.

AEBetako Renoko Unibertsitatean euskal gaiak irakasten eta ikertzen ditu Larraitz Ariznabarretak (Bilbo, 1968). Euskal Herrian abiatutako karrera akademikoari jarraipena emateko joan zen AEBetara duela lau urte, eta Boiseko Unibertsitatean aritu ostean, Nevadara lekualdatu zen. Hango ikasleek euskal gaiekiko erakusten duten interesak poztu egin duela dio. Bilbon jaio zen, baina urte luzez Zarautzen (Gipuzkoa) bizi izan da, eta bere burua zarauztartzat duela dio.

Euskal diasporaren inguruko ikerketa ugari eginak dituzu. Orain diaspora horren kide bihurtu zarela esan daiteke?
Hala da, bai. Tesia egin nuenean asko teorizatu nuen gaiaren inguruan, eta diasporak ekartzen duen askatasunaz.

Askatasun horretaz aprobetxatzen ari zara, beraz?
Diasporak ekartzen du askatasuna, baina beste lotura batzuk ere sortzen ditu. Euskal Herritik apur bat urruntzeak zure herriarekiko beste ikuspegi bat ematen dizu, eta bertan zaudenean ez da hainbeste sumatzen.

Zertan sumatu duzu ikuspegi aldaketa hori?
Euskal gaiei buruz ikertu behar duzunean, esaterako, ikerketa objektuari beste modu batean begiratzen diozu. Horrez gain, igartzen dut hango ohitura batzuk arrotzak egiten hasi zaizkidala.

Adibidez?
Renon oso aparte bizi gara, eta orain ezin dut jasan tabernetan egon ohi den giroa. Beti gustatu izan zait, baina orain gehiegizkoa egiten zait. Esan daiteke gorputza ohitu egiten dela jendetza ikaragarri horietatik aparte egotera. Euskal Herrian nagoenean joaten naiz halakoetara, noski, baina, egia esan, kosta egiten zait.

Renoko Unibertsitatean euskal arteari buruzko irakasgai bat ematen duzu. Zer esaten dute ikasleek euskal kulturari buruz?Orain arteko ikasleek interes handiarekin begiratzen diote euskal kulturari, eta horietako gehienak ez dira euskaldunak izatez. Halako interes batek erakartzen ditu, eta konturatzen dira oso metafora interesgarria dela beste gauza batzuk ulertzeko.

Zein zentzutan?
Ikustea estatu bat ez daukan komunitate batek nola iraun duen ehunka urtetan, hori oso interesgarria da aztertzeko. Iraupen horrek zein ezaugarri izan dituen ikustea, hori oso interesgarria da eurentzat. Interesgarria egiten zaien beste gai bat ere badago: ikustea euskaldunentzat hizkuntzak zein garrantzi duen identitatea eraikitzeko garaian. Haiek identitatearekin daukaten harremana oso indibiduala baita, eta ez dute pentsatzen identitate sozialak zein garrantzi daukan euren eraikuntzan. Ez badira gutxiengo bateko partaide, hau da, AEBetako beltza edo emakumea, gizon zuri anglosaxoiek ez dituzte hausnarketa horiek egiten, eta oso ondo etortzen zaie.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide