Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna

Iritzia: 'Sasoi hauetako gogoetak'

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 1a, 10:03

Maiatzak 1 - Langileen Nazioarteko Egunaren harira, Ainhize Muniozguren Ibarguren lan arloko abokatuak ondorengo iritzi artikulua idatzi du.

SASOI HAUETAKO GOGOETAK

Abokatu laboralistok kea dariola dugu telefonoa azken asteotan; izan ere, hainbat gremiotako langileen zalantzak jaso ditugu:

1.- Ez gara heroiak, langileak baizik, kantinplora eskuan basamortuan gabiltzanak. Zer egin dezakegu EPIak (norbera babesteko ekipamendua) eman eta testak egin diezazkiguten, gure osasuna eta bizitza arriskuan ez jartzeko?

Osasungintzako langileek, garbitzaileek, supermerkatuetako enplegatuek, anbulantzietako kideek, zaharren egoitzetako langileek, amaigabeko lanegunak dituzte, atsedenik gabeko asteak. Hori gutxi ez, eta babes-neurririk gabe, euren eta ingurukoen osasuna kolokan jarriz dihardute. Arazoetako bat material eskasia izan da, baina, batez ere, zegoen gutxia banatzeko irizpide garbirik egon ez izana; beste era batera esanda, lehentasuna ez dira garaiz ezarri. Orain, behin osasun-krisia gaindituta, ardura politikoak eta erantzukizun juridikoak zehazteko unea da.

2.- Beldur diot lanera joateari, ni kutsatzea berdin zait, baina amarekin bizi naiz eta ez dut hark gaitza harrapatzerik nahi. Zer egin dezaket?

Batzuk, enplegua ez galtzeko, lanpostura itzultzeko desiraz daude; eta besteek, aldiz, kutsatuak izan daitezkeen beldurrez etxean geratu nahi dute. Osasun-krisia eta ekonomikoa jarri dizkigu parez pare COVID-19ak, eta bien izu gara langileak.

3.- Oporrak har ditzadan behartu naute, gero, udan, ezin izango dudala eta. Legezkoa da hori? edota ERTEa aurkeztu du enpresak eta barnean sartu nau. Ondoren, egoera konplikatuz gero, kaleratu ahal izango naute?

Egun, lan-egoera gehienak suspentsioan badaude ere, ERTE delakoan (denboraldi baterako enplegu erregulazioa), konplexua da aurreikusten noiz arte luzatuko den bizi dugun ziurgabetasun-egoera. Baina ez dirudi aktibitatea egun batetik bestera abian jarriko denik; hortaz, aurrera dezakegu nahi duguna baino gehiago luza daitekeela. Bestalde, behin-behinean etenda dauden lan-harremanak behin betiko mozteko aukera ere gertu dugu, gertuegi. Langabezia-datuek gora baino ez dute egiten (bestelakorik saltzeko saiakera ulertezinik izan den arren), eta gu, gehientsuenok, enplegutik bizi gara.

4.- Goizeko 6etan jaikitzen naiz telelana egitera, haurra esnatu orduko ezinezkoa baitzait! Murrizketa hartzen badut, zer gertatuko da nire soldatarekin?

Azken bi hilabeteetan, “telelana” ahotik ezin kendu gabiltza. Asterixen edabe magikoaren pareko aterabidea dela ulertarazi nahi izan diguten arren, zaintza-lanak eta enplegua uztartzeko zailtasunak nabarmenak dira. Hortaz, konponbidea lanaldi-murrizketa dela agindu digute; baina, jakina, soldata galerarekin, langilearen kargura. Gainera, ezin ahaztu, egoera hau pairatzen dugun gehienok emakumeak garela; bai krisiaren aurretik, eta baita egun ere.

Maiatzaren Lehenaren atarian...
Orain bi hilabete arte, udan oporretan nora joan pentsatzen ari ginen asko; gaur, ostera, udan non lan egin ahal izango dugun begira gabiltza. Izan ere, egoera ez da erraza, asko dira zalantzak; gutxi eta zailak erantzunak. Lan-merkatuak, pertsonon arteko harremanek eta gure desirek izugarrizko iraultzea izan dute; tarte oso laburrean, gainera. Testuinguru honetan gerturatu zaigu Maiatzaren Lehena; aurten, inoiz baino ozenago, eskerrak eman nahi nizkizueke jendartea zaintzen diharduzuenoi! Horregatik guztiagatik, gaineratu nahi nuke, ezinbestekoa dela bizitza sostengatzen duzuenon lan-baldintzak hobetzea; ze txalo egitea ondo dago, baina egoera hobetu egin behar da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide