Bi kasu berri baieztatu dituzte herrian

Zarauzko Hitza 2020ko api. 30a, 14:00

Hiru kasu atzeman dituzte eskualdean; Zarauzko biaz gain, beste bat Azpeitian. Urola Kostako gainerako herrietako kutsatuen kopuruek ez dute gorabeherarik izan.

Oso gutxinaka ari da igotzen positibo berrien kopurua Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako hiru herritar topatu dituzte eskualdean. Horietako bi Zarautzen, eta hirugarrena Azpeitian. Kontaketa hasi zutenetik, 242 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak. Honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautzen 132 herritar; Zumaian 47; Orion eta Azkoitian hamazazpina; Azpeitian hamabost; Getarian bost; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldeetako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 381 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta, orotara, 15.519 dira kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen  %70,4k dagoeneko gainditu du gaitza. Hiru lurralde horietan, 22 pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.296 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide