Bertso sorta: Apustu Eroan Irauli Ondoren Uztartu

Zarauzko Hitza 2020ko apirilaren 27a

Inaxio Uria Isastik bertso sorta berria ondu du, oraingoan, erronka berezi bati aurre eginez. Oskorriren Bizkaiko aberatsak doinuan, hona hemen Isastiren azken bertso sorta

A-
Apustu bat egin dut
Arraro samarra
A hizkia gidari
Araua bakarra
Ahaleginduko naiz
Argi dago marra
Abiatu ondoren
Aldapa kaxkarra
Azkenik gainditu dut
Aurrenengo barra

E-
Eta beste erronkan
E hizkia da gai
Erabili behar dut
Erreferentzi, bai!!!
Ez daukat ipintzerik
Edonola,non nahi
Ea asmatzen dudan
Enbidoa dut zai
Emaitza lortu behar
Edo bestela,jai

I-
I hizkia dut orain
Ibilbide gida
Iritsi bitartean
Itzulera bira
Inoiz ezin aldatu
Ilaran erdira
Itaundu izan diot
Itun hauek dira?
Inozoa ez zara
Ipini distira

O-
O hizkiakin daukat
Ondorengo lana
Orain bete behar dut
Otu zitzaidana
Oso polita zela
Orduko lan plana
Olatu abiadan
Osatuaz dana
Ondo damutu ei zait
Onartu izana

U-
U hizkiak jartzen nau
Urduri antzera
Urruti samarretik
Usaintzen dut bera
Usu azaltzen bai zait
Urakin batera
Udan eta neguan
Utzi ni? Bai zera!!!
Urrun kukurrukuka
Ukuilutik behera

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide