Gutuna: Komunitatea eta elkarlana, baina benetan

Itziar Murua 2020ko api. 27a, 10:38

Itziar Murua Zarauzko EH Bilduko buruak ondoko gutuna helarazi du. Udal Gobernuak egungo muturreko egoera kudeatzeko izan dituen moduen inguruan idatzi du oposizioko kideak.

2019ko ekainaren 15ean hartu genuen kargua Zarauzko udalean. Gogoan dut Xabier Txurruka alkateak, izendatua izan ondorengo hitzaldian, “herrigintza”, “komunitatea”, “elkarlana” eta “ezberdinen arteko akordioa” hitzak izan zituela ahotan. 6 aste igaro dira Covid-19agatik alarma egoera ezarri zenetik. Hasiera-hasieratik krisi kabinete bat osatzeko eskaera egin genion EH Bilduko taldetik Zarauzko udal gobernuari, elkarlanerako unea dela eta guztion iritziak eta ekarpenak lagun dezaketela sinetsita. Krisi kabinetea eratu zuen, bai, baina oposizioko kiderik gabe, eta bertan egon behar genuela esaterakoan, erabakiak hartzen diren gunean gobernuko erantzukizunak dituenak soilik egon behar dutela erantzun ziguten. Egia esan, ez gintuen harritu. Zoritxarrez, udal gobernuak halaxe jokatu du orain arte ere. Krisiaren hasiera zen eta, egoeraren larritasuna ikusita, helburu berarekin denok batera lan egiteko unea zela eta, desadostasunak adierazteko baino, proposamenak egiteko unea zela erabaki genuen.

Horrela jokatu dugu orain arte. Hartu dituzten erabakien berri emateko erabiltzen dituzten bozeramaile bilerak baliatzen ari gara gure proposamenak egiteko, eta kanpora begira ezer gutxi adierazi dugu. Baina gauzak beste modu batera egin daitezkeela eta guk beste modu batera egingo genituzkeela argi daukagu. Oso kezkatuta gaude udal gobernuaren jarrerarekin. Alde batetik, EH Bildu Zarauzko hainbeste jende ordezkatzen duen taldea izanik, ez gaituztelako kontuan hartzen; baina, are kezkatuago, Komunitateari eta kolektibitateari baliorik ez direlako ari ematen. Eta guk, krisi honetatik aterako bagara, elkar zaintza erdigunean jarri eta komunitatearen indarra baliatuz izango dela sinesten dugu.

Beste hainbat herritan bezala, Zarautzen ere hasieratik ari dira sortzen boluntario sareak auzokideen arteko zaintza bultzatzeko, maskarillak egiteko, hezkuntza alorrean laguntzeko... eta udalak bazter utzi ditu. Bozeramaile bilera guztietan eskatu dugu udala beraiekin kontaktuan jarri eta elkarlanean ekimenak aurrera eramateko. Berriz ere elkarlan eskaera. Baina ez. Berriz ere, ez.

Segurtasunaren izenean herri baten indargunea den komunitatea gutxietsi eta udala bera ahalguztiduna izango balitz bezala ari da jokatzen. Herriko adinduei eta beharra dutenei laguntzeko sarea babestu eta koordinatzeko eskatzerakoan, kutsaduren beldur zirela eta ezezkoa esan zuten (herritarrak zentzugabe batzuk eta neurriak hartzeko gai ez balira bezala); adin batetik aurrerako guztiei beharrak detektatzeko telefono deiak egiteko sare hau baliatzeko proposatu, eta udala nahikoa zela horretarako erantzun zuten (milaka dei modu azkarrean egiteko aukera baztertuz); maskarillak egiteko jostun sarea sortu eta udalari laguntza eskatzean, homologatuak ez zirela argudiatuz ez zieten lagundu (prebentzio neurri guztiak hartzen lagundu beharrean)...

Hau guztia eskatzerakoan ez gara gauzatu ezineko ekimenei buruz ari. Gure inguruko hainbat herritan ditugu eredu oso interesgarriak: Zumaian udalak koordinatutako jostun sarea, esaterako, non udalak ehun egokiak eskuratu eta sareko herritarrek josita, zumaiar bakoitzarentzat maskarilla bat egiten ari diren; edo Orioko udalak herritarren beharrak antzemateko boluntarioen bidez 70 urtetik gorako guztiei egindako deiak; eta inguruan ditugun beste hainbeste eta hainbeste adibide zoragarri.

Zoritxarrez, luzatu egingo dela dirudien alarma egoera honi aurre egiteko lan eta erabaki
asko dago oraindik hartzeko. Horiek guztiak komunitatea kontuan hartuz, elkarlanean eta
ezberdinen arteko akordioak bultzatuz egiteko aukera badago oraindik. Jarrera aldaketa bat

izateko garaiz gaude eta Alkateak kargu-hartze hitzaldian esandakoak betetzeko aukera
irekia dauka oraindik: herrigintza, komunitatea, elkarlana eta ezberdinen arteko akordioa.
Gu, prest.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide