Photographo proiektua sortu dute Asmoz Fundazioak eta Photomuseum Argazki&Zinema Museoak. Gida didaktiko baten bidez proiektu artistiko bat sortzea da egitasmoaren helburua. Horrez gain, teknologia aurreratua kulturaren eta museoen munduan txertatzeko aukera gisa nahi dute baliatu: "Proiektu hau Photomuseum museoa digitalizatzeko eta etorkizunera jauzi egiteko garatu da. Digitalizazioa errazten duten enpresa eta teknologia asko daude, baina kultura eta museoen munduan oraindik ez da horren aldeko apustu sendorik egin", azaldu dute museoko ordezkariek, prentsa ohar bidez.
Herritarrak etxetik atera gabe dauden honetan, bisita digital horiek gehiago lantzeko abagunea topatu dute antolatzaileek. Asmoa da museoetako bisita digitalak lantzen joatea, eta horiek aurrez aurreko bisitak bezain pertsonalak izatea.
Bestetik, museoek baliabide kultural moduan duten garrantzia aitortzeko helburuarekin, bisita berezi bat antolatuko dute, photographoren webgunean eskuragarri dagoena. Lau fase izango ditu bisitak: hasiera fasea, garapen fasea, gauzatzea eta ebaluazioa. Guztira, hamar jarduera birtualetan hartu beharko dute parte erabiltzaileek eta, bisitaren erdian, Photomuseumeko arduradunekin bideokonferentzia bat egiteko aukera izango da, zalantzak edo galderak argitzeko.
Egitasmoari buruzko informazio guztia esteka honetan klikatuta topa daiteke.