Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo, larunbata, iragarri zuen koronabirusaren pandemiaren krisiak hobera egiten jarraitzen badu, maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera edo paseatzera ateratzea ahalbidetuko dutela. Eta gai horri lotuta, hainbat zehaztapen egin du Salvador Illa Espainiako Osasun minstroak gaur, igandea. Hark azaldu duenez, maitzaren 2tik aurrera kalera ateratzeko aukera ematen badute, adinekoek ere izango dutela horretarako aukera.
Illak adierazi duenez, koronabirusarekin kutsatutakoen kopurua behera ari da egiten, baina oraindik ere bada arriskua, eta "zuhurtziaz" jokatzea eskatu du. Hark esan duenez, umeei emandako baimenak kutsatze datuetan eragiten badu, aldaketak izan daitezke maiatzaren 2an ezartzea aurreikusten duten neurrietan. Dena den, Osasun minstroaren arabera, oro har, herritarrek bete dituzte haurrak kalera ateratzeko ordurako jarritako irizpideak eta neurriak, baina esan du oraindik ere posible dela "moldaketak" egitea.
Bestalde, Illak adierazi du ezin duela erantzun itxirik eman, baina alarma egoera hamabost egunean bukatuko dela pentsatzea "azkarregi" joatea dela adierazi du. Dena den, ez du argitu maiatzaren 9tik aurrera konfinamendua luzatzea aurreikusten al duten.