Asteburuak berri onak utzi ditu, oro har, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Aldundiak jakinarazi duenez, ez dute positibo berririk atzeman bi egunetan. Azken egunetan, denera, lau adinekok jaso dute senda agiria eta, horietako bat, Zarauzko Santa Ana egoitzan izan da; beste hirurak, berriz, Tolosako Iurramendin eta Beasaingo Arangoitin.
Txanponaren beste aldean, ordea, krisiaren alderik gogorrena dago. Heriotzak gutxitzen ari badira ere, hiru egoiliar hil dira adinekoen egoitzetan, aldundiaren arabera. Hildakoak Eibarko San Andresen, Arrasateko Iturbiden eta Donostiako Berran bizi ziren. Gaixorik jarraitzen duten Gipuzkoako egoiliarren artean, 29 daude ingresatuta adineko Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan eta, 32 ospitalean.