Zarauzko Hitzaren taldea martxan izango da bihar hasiko den Egunean Behinen laugarren denboraldian

Zarauzko Hitza 2020ko api. 26a, 18:14

'Zarauzkohitza.eus'-ek bigarrenez jarriko du taldea martxan, eta hainbat sari banatuko du denboraldia aurrera joan ahala. Uztailera bitartean, hamar asteko denboraldia osatu du Codesyntax enpresak, eta parte-hartzaileen bost aste onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Dagoeneko batu daiteke Zarauzko Hitzaren taldera.

Bihar, astelehena, hasiko da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren laugarren denboraldia, eta Zarauzko Hitzaren taldea martxan izango da sasoia bukatu bitartean. Uztailera arte, hamar asteko denboraldia prestatu du jokoa garatu duen Codesyntax enpresak, eta ohiko moduan, sailkapen orokorra osatuko dute. Aurreko denboraldiaren logika beretsua erabiliko dute oraingoan ere: hamar astetatik jokalari bakoitzaren bost onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Sailkapen orokorreko onenek –kopurua ez dute zehaztu– finala jokatuko dute.

Zarauzko Hitzak bigarrenez jarriko du taldea martxan, eta hainbat sari banatuko du. Sariak aurrerago jakinaraziko ditu komunikazio taldeak, baina denboraldiko jokalari onenaren sariaz gain, beste batzuk ere banatuko ditu parte-hartzaileen artean. Zarauzko Hitzaren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformatik. Ondoren, esteka honetan klikatuta batu daiteke taldera.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa. Joan zen denboraldian, hirugarrengoan, 518 lagun aritu ziren lehian Uztarriaren taldean, eta talde horretako denboraldiko jokalaririk onena Gzk izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide