Beste bi koronabirus kasu atzeman dituzte Zarautzen azken orduetan

Zarauzko Hitza 2020ko api. 26a, 14:13

Osakidetzak emandako datuen arabera, Zarautzen bi koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte azken egunean. Eskualdean, beste lau kasu ere topatu dituzte. Oro har, egoera, pixkanaka, baina hobetzen ari da. 

Oro har eta pixkanaka, baina hobetzen ari dira koronabirusaren inguruko datuak. Azken egunetan asko jaitsi da Euskal Herriko kutsatu kopurua, eta horrek izan du islada eskualdean ere. Izan ere, azken egunetan kasu bakan batzuk atzeman dituzte Urola Kostako herrietan.

Osakidetzak gaur ere kaleratu ditu COVID-19 gaitzaren inguruko datuak, eta atzoko 20:00ak arte, eskualdeko herrietan sei kasu berri atzeman zituztela jakinarazi du. Horietako bina zenbatu dituzte Azkoitian eta Zarautzen, eta bana Orion eta Azpeitian. Gainerako herrietako kopuruek ez dute gora egin. Horrenbestez, orain arte, proba egin dieten 135 lagunek eman dute positibo eskualdean.

Osakidetzak arabera, honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautz 128 lagun; Zumaian 47; Orion hemezazpi; Azkoitian hemezazpi; Azpeitian hamahiru; Getarian lau; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.

Dena den, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean, eta beraz, ez dago datu zehatz-zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Datuak, Euskal Herrian

Osakidetzak jakinarazi duenez, orain arte 63.428 laguni egin dizkiete PCR probak eta test azkarrak: 80.277 PCR test eta 30.799 test azkar gauzatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, proba egin dieten 14.315 lagunek eman dute positibo. Gainera, hiru lurralde horietan, 1.230 pertsona hil dira koronabirusak jota eta 9.602 sendatu dira.

Martxoaren 24ak geroztik izan den heriotza kopuru txikiena da azken orduetakoa; izan ere, hemezortzi lagun hil dira gaitzaren ondorioz. Horrez gain, positiboen kopurua ere beherantz doa Hego Euskal Herrian. Atzoko datuei erreparatuz gero, 183 kasu berri atzeman zituen Osakidetzak: 39 Araban, 104 Bizkaian eta 40 Gipuzkoan. Orotara, 702 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan.

Nafarroako Gobernuak, berriz, gaurko 11:30era arteko datuak argitaratu ditu. Erakundeak jakinarazi duenez, herrialde horretan 178 izan ziren atzo positibo berriak –orain arteko gehiena–, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 129 gaixo daude. Orotara, 5.452 dira positibo eman duten eriak, eta pandemia hasi zenetik, 431 pertsona hil dira. Aldiz, 1.835 lagunek jaso dute medikuaren sendagiria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide