COVID-19aren kutsatzea ez zabaltzeko prebentzio-neurri gisa konfinamendu-neurria
aldarrikatu zenetik, adinekook eta herritarrok, oro har, neurri hori arduraz betetzen ari
gara, herritar guztien osasuna babesteko.
Konfinamendua kentzeari dagokionez, jasotzen ditugun berriek aditzera ematen digute
adinekoak besteek baino luzaroago geratu beharko dugula etxean. Horren aurrean, zenbait ohar egin nahi ditugu: Adinak ez du argudio arbitrarioa izan behar adinekoak konfinatzen jarraitzeko. Talde batzuen segurtasuna babes-neurrien bidez bermatzeko beharra balioetsiz gero, neurri horiek ez dira pertsonen adinaren arabera ezarri behar, beste irizpide batzuen arabera baizik, hala nola arrisku-gaixotasunen arabera eta, oro har, kutsatzeko benetako arriskua ekar dezaketen osasunarekin lotutako egoeren arabera.
Gure kolektiboa sakrifizio handiak egiten ari da, bai etxean, bai egoitzetan eta ospitaleetan, eta kutsadura-iturri garela dioten zenbait diskurtsok etsipena eta beldurra sortzen dute, gogaikarri ez izateagatik eta ospitaleetan kolapsoa ez eragiteagatik adineko pertsona asko etxean geratzea erraztuz, harik eta ezin duten arte, horrek sortzen duen sufrimenduarekin eta arriskuarekin.
Hondatze fisikoa eta emozionala saihesteko eta gure osasuna zaintzeko, funtsezkoa da
konfinatu aurreko ohiturak berreskuratzea, esate baterako, ariketa fisikoa; are gehiago, kontuan izanda adinean aurrera egin ahala zailagoa dela galdutako baldintza fisikoak berreskuratzea. Era berean, isolamenduak, batez ere bakarrik bizi diren pertsonengan, sintoma psikikoak eragiten ditu (antsietatea, larritasuna, depresio-egoerak, desorientazioa), eta, horregatik, beharrezkoa da lehenbailehen ateratzea eta behar den laguntza izatea, bai familiariarena zein beste batzuena.
Adinekoen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, eta horrela tratatzea. Adinekoen elkarteen iritzia kontuan hartzeko ere eskatzen dugu: adinaren arabera ez diskriminatzeko eskatzen dugu, eta gainerako herritarren kontsiderazio bera izatea. Halaber, beharrezko prebentzio-baliabideak eskatzen ditugu (maskarak, eskularruak, testak) konfinamenduaren irteera segurua bermatzeko, eta horiek guztiak doakoak izan daitezen baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat.