Bi koronabirus kasu berri baieztatu dituzte azken orduetan

Zarauzko Hitza 2020ko api. 25a, 13:23

Osakidetzak atzo 20:00ak arte bildutako datuen arabera, bi kasu berri aurkitu dituzte Zarautzen, eta bana Azkoitian, Azpeitian eta Getarian. Horiek aurreko datuei gehituta, 229 pertsona kutsatu dira eskualdean zenbaketak hasi zirenetik. 

Aste hasierako datuak oso baikorrak baziren ere, azken egunetan gora egiten jarraitu du atzemandako positibo kopuruak. Eskualdean bost kasu gehiago baieztatu dituzte azken orduetan: bi Zarautzen eta bana Azkoitian, Azpeitian eta Getarian. Positibo berri horiekin, testak egin dizkieten herritarren artean, 229 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, zenbaketak hasi zirenetik.

Gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kopurua. Herriz herri, ondorengoak dira koronabirus kasu metatuak: 126 kasu baieztatu dituzte Zarautzen, 47 kasu Zumaian, hamasei Orion, hamabost Azkoitian, hamabi Azpeitian, launa Getarian eta Zestoan, hiru Aian, eta bi Aizarnazabalen.

Eusko Jaurlaritzaren datuek kopuru horiek zehaztu dituzte, baina kontuan hartu behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu edo zendu diren bizilagunak ere badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun osoz zenbat pertsona dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz kutsatuta.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo 4.968 PCR proba eta 4.441 test azkar egin zituzten –inoizko kopururik handiena, atzo baino 2.020 gehiago–, eta 348 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egindako test kopurutik, guztira, %7k eman du positibo azken datuen arabera. Hiru lurralde horietan, 19 pertsona hil ziren atzo, eta 323 lagun osatu ziren. Guztira, 1.212 pertsona hil dira krisia hasi zenetik hiru lurralde horietan.

Nafarroan berriz, 94 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Guztira, 5.274 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 429 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako hamabi, azken orduetan. Guztira, 1.737 lagun sendatu dira Nafarroan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide