Konfinamenduaren zazpigarren astera iritsi garen honetan, Zarauzko Udalak COVID-
19aren ondorioei aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Xabier Txurruka alkateak: "aurrekontua goitik behera berrikusten ari gara, gerrikoa estutzen, funtsezkoan zentratzeko eta poltsa ekonomikoa sortzeko, jaurlaritzak eta aldundiak salbuespenezko egoera honen aurrean emango dituzten laguntzak osatzeko".
Zerbitzuen sektorea suspertzeko lehen erabakiak hartu ditu udalak. Aurten aurreikusitako proiektu batzuk ezin izango dituztela gauzatu uste dute, partida ekonomiko horiek bideratuko dituztelako gizarte zerbitzuetara eta tokiko ekonomia suspertzera. Guztira, 1,5 milioi euro bideratuko dituzte merkataritza eta ostalaritza sektoreetara. Suspertze eta Modernizazio Plana deitu dioten proiektura bideratuko dute dirua, eta Zurekin eta Murkil elkarteekin lanean dihardu udalak, plan hori nola gauzatu erabakitzeko. Aurreratu dutenez, talka fasea izango da lehena, eta akonpainamendukoa bigarrena. "Udala harremanetan dago Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Udal Elkartearekin eta Eudelekin, aktibatzen joango diren laguntzen berri izateko eta, horrela, koordinatuta egoteko, hartzen diren neurrietan talka ez egiteko eta neurri horiek osatu ahal izateko", gaineratu du Txurrukak.
Suspertze planaren barruan, esaterako, terraza eta beladoreen kuota itzuliko diete ostalariei, eta negozioetarako uraren kontsumoarekiko proportzionala den laguntza aztertzen ari dira. Horrez gain, denboran mailakatutako marketineko eta komunikazioko hainbat ekintza egingo dituzte herriko establezimenduei bultzada emateko. "Kanpaina 2020 eta 2021 urteetan zehar egingo da. Lehen komunikazio fasea lantzen ari gara, herritarren sentsibilizazioa bilatuko duena, baita herriko merkataritzan edo zerbitzuetan kontsumitzeko bonuak eta salmenta gurutzatuak martxan jartzea ere", azaldu du Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak. Ekintza horietara 400.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte.
Azkenik, Garapen Ekonomikoko zinegotziak aurreratu du Suspertze eta
Modernizazio Bulegoa sortuko dutela, Zurekin eta Murkil elkarteekin batera,
ezarritako plana kudeatu eta garatzeko. "Suspertze eta Modernizazio Bulegoa
sortzea, bi elkarteetatik egiten ari den lana berrindartzeko, modernizatzeko eta
profesionalizatzeko apustu garbia da", burutu du Basurkok. Laster zehaztuko diren
laguntzen berri izateko, beharrezkoa da negozio interesdun gisa erregistratzea,
943-00 51 00 telefonora deituz edo haz@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat
idatziz.