Bertan behera utzi dute Zarauzko Hondartzako 76. Futbol Txapelketa

Zarauzko hitza 2020ko api. 24a, 10:32

Koronabirusen eraginez, antolatzaileek bertan behera utzi dituzte aurtengo plaieroak, kategoria guztietan. 

Urriaren 13an jokatu zituzten Zarauzko Hondartzako 76. Futbol Txapelketako lehen partidak. Denboraldi honetan, guztira, hamar talde lehiatu dira emakumezkoen ligan, iaz baino bi gehiago; gizonezkoetan, aldiz, hamabost taldek parte hartu dute. 

Azken jardunaldia martxoaren 8an jokatu zuten, baina koronabirusa dela eta, harrezkeroztik ez dira partida gehiago izan. Gertaera horren aurrean, antolakuntzak aurtengo denboraldia amaitutzat ematea erabaki du, bai eskolarteko modalitatean, bai Pako Urkia Txapelketan ere. Izan ere, beren hitzetan, "bizitzak erdigunean jartzeko beharra nabarmena da egoera honetan, eta, horren aurrean, txapelketa bertan behera uztea da aukera bakarra". Horregatik, txapelketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek, eta, aitortu dutenez, jada datorren denboraldirako ideia berriak lantzen ari dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide