Liburuaren Nazioarteko Eguna

Zozketak antolatu ditu Kultura Sailak egun hauetarako

Zarauzko Hitza 2020ko apirilaren 23a

Herritarrek irakurtzen ari diren liburuen berri eman edo irakurketa gomendioa egin beharko dute sare sozialetan zozketan parte hartzeko.

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak eta Sanz Enea Udal Liburutegiak liburuak etxeetara hurbiltzeko egitasmoa antolatu dute sare sozialen bitartez. Hala, gaurtik  igandera bitartean, etxean irakurtzen ari diren liburuei buruzko argibideak edo irakurketarako gomendioak egiteko eskatu diete herritarrei, eta horiek Kultura Zarautzen sare sozialetan partekatzeko.

Parte hartzen duten guztien artean, 25 euroko bi bonu zozkatuko dituzte egunero, Zarauzko Garoa liburu dendan liburuak erosteko. «Irakurzaletasuna sustatzeaz gain, herriko merkataritzari bultzada eman nahi diogu une gogor honetan», adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.

Kultura Sailak arreta berezia jartzen dio liburuaren egunari, eta horren inguruan antolatu ohi ditu Lizardi Saria, hainbat libururen inguruko solasaldiak , baita zenbait ikuskizun ere. “Aurtengo isolamendu-egoera bitxiak, ordea, ohiko jarduera hauek alde batera uztera derrigortu gaitu. Hala eta guztiz ere, Zarauzko Udalak argi ikusi du ez dagoela herritarrei erronka berriek sortzen dieten motibazioa garaituko duen indarrik, eta, gauzak horrela, estrategia berriak jorratzen ari gara”, azaldu du zinegotziak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide