Mediku alta jaso dute Santa Anako lau egoiliarrek

Zarauzko Hitza 2020ko apirilaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, eskualdean adineko pertsonen egoitzeko sei lagunek gainditu dute azken orduetan gaixotasuna: Zarauzko Santa Ana egoitzan lauk , eta Zumaiako Otezurin, berriz, bik

COVID-19 eta adineko egoitza hitzei heriotza hitza gehitu behar izan zaie albiste askotan, baina batzuetan berri positiboak ere iristen dira. Asteazken honetan, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du sei egoiliarrek hartu dutela mediku alta Urola Kostan. Zarauzko Santa Anan lau lagunek gainditu dute koronabirusa, eta bi lagunek, berriz, Otezurin.

Gipuzkoako egoitzetan 21 izan dira alta hartu dutenak azken orduetan, eta guztira 121ek gainditu dute gaixotasuna. Baina azken orduetan beste bi pertsona ere hil dira adineko egoitzetan,  biak Eibarren.

Eider Mendoza foru bozeramaileak egoitza zentroetan egiten ari diren lan “nekaezina” eskertu du, eta azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuak berbera izaten jarraitzen duela: “Zaurgarrienak diren pertsonak eta egoera honen aurrean babesgabe daudenak lagundu eta babestea”. Horregatik, “gure gaitasun, ezagutza eta esperientzia guztia ari gara bideratzen egoitzetan COVID-19aren kudeaketara, gure lehentasun nagusia direlako”. Esker ona ere azaldu die senitarteko guztiei, une zail hauetan euren “ulermen eta lankidetzagatik”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide