Zarautz Getariaren auzo bihurtu zenekoa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko apirilaren 22a

1401ean ia biztanlerik gabe geratu zen Zarautz, izurrite baten ondorioz. Informazio xeherik ez badago ere, historialariek jakin ahal izan dute Zarauzko Udalak Getariakoarekin bat egin behar izan zuela, arazo ekonomiko, sozial eta politikoengatik.

Honezkero jakina den moduan, pertsonen mugimendua da gaixotasunen hedapenerako tresna gakoetako bat. Duela 600 urte oso bestelakoak ziren garraiobideak, eta merkataritza jardueretan mugitzen zen jende gehien, hein handi batean, itsasoz. Oso ezaguna da, esaterako, XIV. mendean izan zen Izurrite Beltza. Europan eragin nabarmena izan zuen 1348. urte inguruan; historialarien arabera, Europako biztanleriaren %60 hil zen urte haietan.

Xabier Alberdi historialari zarauztarra Euskal Itsas Museoko zuzendaria da, eta bereziki jantzita dago itsas munduarekin lotutako herrien historian. Azaldu duenez, gaitz zehatz hark euskal kostaldean izan zuen eraginari buruz ezer gutxi agertzen da antzinako dokumentuetan, baina, jakin ahal izan dute handik hamarkada batzuetara arazo larriak izan zirela  Zarautzen. "Dokumentuetan ez da izurritearen aipamenik agertzen, baina Zarautzen zeuden arazo ekonomikoak horren larriak ziren, ezen Zarauzko Udala batu baitzitzaion Getariakoari. Alegia, Zarautz Getariako auzo bilakatu zen".

Hortaz, XIV. mende amaieran Zarautzek burujabetza galdu zuen, ekonomikoki, sozialki eta politikoki ez zuelako nahikoa indar herri izaerari eusteko. Urte haietako arazo ekonomiko larri horiek zeintzuk ziren oso garbi ez badago ere, historialariek jakin ahal izan dute 1401ean Zarautz ia populaziorik gabe zegoela. "Esaten dute izurrite gogor bat egon zela eta herria ia biztanlerik gabe geratu zela, beraz, arazo ekonomikoez gain, izurriak ere erasan zuen Zarautzen", azaldu du Alberdi historialariak.

Dokumentuek diotenaren arabera, 1401ean despopulaturik zegoen Zarautz, nahiz eta zifra zehatzik ez den ezagutzen. "Despopulaketak esan nahi du geratu diren biztanleak ez direla gai udalerriaren funtzionamendu normala aurrera eramateko", argitu du Alberdik. Ikerlariek gaur arte ezin izan dute jakin zein unetan berreskuratu zuen atzera herri izaera Zarautzek, baina 1455eko data duten eta Zarauzko zigilua daramaten dokumentuak topatu dituzte.


Triskantza iraultzea

Nola eman diezaioke buelta, ordea, halako egoera bortitzari horren jende gutxik? Historialari zarauztarrak jakitera eman du bizirik geratu ziren haiek gaixotasunaren aurkako antigorputzak garatu zituztela, beraz, "osasun aldetik indartsuenek soilik" biziraun zuten. Txertorik ez zegoenez, hautespen naturalak agintzen zuen.

Horren biztanle gutxi izanik, bazen nahikoa baliabide herrian guztientzat. Antisorgailurik ez zegoenez, jaiotze tasak oso altuak izaten ziren eta, baliabide nahikoa bazenez, bermatuta zegoen biztanleriaren hazkundea eta biziraupena.
 Kostaldeko herria izanik, itsas jardueretan aritzen ziren zarauztar asko garai hartan ere. Hala nola balea ehizan edo arrantzan. Orain bezala, portu izaera eskas samarra zuen orduan ere Zarautzek, horregatik, Getariara joaten ziren lanera zarauztar arrantzale asko eta asko. Nekazaritzak ere indar berezia zuen, herria ordekan dagoelako eta jarduera horietarako egokia delako, esaterako, Getariarekin alderatuz gero. 


Zabalkundea saihestea

Egun gertatzen ari dena ikusita, batek pentsa dezake duela sei mende askoz zailagoa gerta zitekeela birusaren hedapena saihestea. Aitzitik, tartean beste faktore pisutsu batzuk baziren  ere –erlijioari sutsuki men egitea, esaterako–, hartu ohi zen neurri nagusia pertsonen desplazamenduak mugatzea zen. Orain bezalaxe. "Askotan, izurritea iristen zen herri batera, hor izugarrizko triskantza egiten zuen eta, agian, aldameneko herriak libratu egiten ziren", azaldu du Alberdik. Historialariek aztertutako informazioaren arabera, badirudi XIV. mendearen amaieran Getarian ez zela izan Zarautzen adinako kalterik izurriteagatik.

Gaitza inguruko herrietara zabaltzea ekiditeko neurri militarrak hartzen zituzten. Zaindariek ez zieten uzten aurrera egiten beste herrietatik zetozenei, eta hala saihesten zuten hedapena. "Badirudi urte haietan halako zerbait gertatu zela Zarautz eta Getaria inguruan".

Garai hartan medikuntzarako tresna eta jakintza urriak zituzten egungoekin alderatuta, baina, hala ere, udalek medikuak kontratatzen zituzten gaixo haiek tratatu ahal izateko. Kontua da, ordea, egoera latz hartan dirua zutenek alde egin nahi izaten zutela izurriak jotako inguruetatik eta, historialari zarauztarraren arabera, sarri aberatsak izan ohi ziren izurritearen hedatzaile nagusiak. Medikuak ez ziren salbuespen, eta gehienek alde egin nahi izaten zuten halakoak gertatzen zirenean. Dena den, udalek diru sari handiak eskaintzen zizkieten, eta horrela lortzen zuten gaixoak tratatu ahal izateko medikuren bat konbentzitzea.


Sineskeria garaiak

Medikuntza arloan hainbat gabezia bazituzten ere, garai hartarako ohartuak zeuden birusak pertsonen kontaktuaren bidez kutsatzeko ahalmena zeukala. Horregatik, hildakoak ohiko ehorzte guneetatik kanpo ehorzten zituzten, beren etxeak eta arropak erre ohi zituzten... Dena dela, garai artako pentsaera "milenarista" zen Alberdiren arabera. Alegia, izurrite horiek "jaungoikoaren zigorra" zirela uste zuten, egindako pekatuen ondorio. "Horrek ekartzen zuen egoera psikologiko oso larria. Gaitzarekin nahikoa arazo ez bazuten, kulpa sentimendua gailentzen zitzaien, eta halako nahasmen neurotiko soziala sortzen zen muturreko egoera horietan".


Pentsakera horrek nahasmena ekartzen zuen babes neurriei zegokionean ere, izan ere, askotan elizetan biltzen jarraitzen zuten meza bereziak egiteko eta abar. Azken finean, ez zekiten izurriaren benetako zergatia zein zen, eta babes neurriek talka egiten zuten jainkoaren zigorragandik salbatzeko erritoekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide