COVID 19-ak sortutako egoeraren eraginez, joan den igandean Zarautzen egitekoa zen orientazio proba herrikoia bertan behera gelditu zen. Alternatiba moduan, probaren antolatzaile GOT taldeak trail-o kirol modalitateko online proba bat antolatu du, taldeka edo familian jokatu daitekeena. Parte hartzaileek Zarautzen jarri dituzten baliza zuzenak zein diren bilatu beharko dituzte proba edo erronka honetan.
Zarauzko herriko kaleetako hainbat argazki ikusiko dira, eta argazki bakoitzarekin batera, argazkiaren orientazio mapa (IOF araudiaren baitan egindakoa), kontrol deskripzioa eta iparraren kokapena. Parte hartzaileek erantzun zuzena zein den asmatu beharko dute.
Proba astebetez egongo da irekita, apirilaren 26ra arte, eta nahi duenak har dezake parte. Apirilaren 27an argiratuko dituzte emaitzak eta sailkapena.