Koronabirusak adineko egoitzetan heriotza gehiago eragin ditu azken orduetan. Gipuzkoan guztira lau dira zendutakoak, Eider Mendoza foru bozeramaileak emandako datuen arabera. Heriotza horietako bat Zarauzko Santa Ana egoitzan gertatu da beste behin. 17 pertsona hil dira jada egoitza horretan. Eskualdean hor eta Zumaiako Otezuri egoitzan hil dira koronabirusaz kutsatuta egoiliarrak; hamar, guztira. Egoiliar batzuk sendatu ere egin dira, ordea. Azken orduetan, Otezurin egoiliar batek hartu du mediku alta.
Aurreko asteko datuen arabera, Santa Anan lau pertsonek gainditu dute gaixotasuna, eta Otezurin, hiruk (lau, azken orduetakoa gehituta).
Garbiketa eta babes materiala
Bestalde, Mendozak azpimarratu du garbiketa eta desinfekzioak lau egunetik behin egiten ari direla egoitza zentroetan suhiltzaileak eta DYAko boluntarioak. Logelak, berriz, enpresa espezializatu bat ari da garbitzen.
Pertsonen babeserako elementuez ere informatu du Mendozak. Hala, esan du 426.500 babes elementu baino gehiago bidali direla egoitzetara, horien artean, 127.500 maskarilla eta 30.000 NBE oso. “Babeserako materiala lurraldeko egoitza sarean zehar banatu da, 240 zentroz osatuta dagoena eta non 7.000 lagundik gora artatzen diren”. Bidalitako materialak ondorengoak dira: maskarillak, txanoak, batak, buzoak, botak, kaltzak, amantalak, babes pantailak, eskularruak, betaurrekoak, alkohol sanitarioa eta gel hidroalkoholikoa, besteak beste. Gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila dela materialaren banaketarako eskumena duen erakundea, eta nabarmendu du aldundia hori osatze lanetan ari dela “krisiaren hasieratik”.
Aldundiak eskuratutako materialaz gain, donazioak jaso ere jaso ditu enpresa, fundazio eta erakundeen eskutik, eta “sakonki” eskertu die haien elkartasuna. Hainbat erakunde zerrendatu ditu: Covid Euskadi, Fagor Industrial, German Suministros Medicos, Kananaskis, Maier S. Coop, Orkli, Plastigaur/Pasaiplas, Teknika eta LH zentroak, Trueba, Zorroaga Fundazioa, eta Beasaingo eta Tolosako udalak.