Koronabirus kasu berri bat baieztatu dute

Zarauzko Hitza 2020ko api. 20a, 14:00

COVID-19 gaitzarekin kutsatutako herritarrak gehitzen badoaz ere, asko baretu da gaitzaren zabalkundea azken egunetan.

Koronabirusarekin kutsatutako lagun kopurua handitzen ari bada ere, gaitzaren zabalkundea moteltzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken orduetan bi kasu berri baieztatu dituzte Urola Kosta eskualdean, bat Zarautzen eta bestea Azpeitian. Hala, kontaketa hasi zutenetik, 112 kasu zenbatu dituzte Zarautzen, eta hamar Azpeitian. Eskualdeko beste herrietako kutsatuen zerrendan ez da aldaketarik izan: 47 kutsatu zenbatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute koronabirus kasurik atzeman.

Azken datuak kontuan hartuta, guztira, 211 lagun kutsatu dira Urola Kostan COVID-19 gaitzarekin, baina nabarmendu behar da horietako asko sendatu direla, eta beste batzuk hil ere egin direla koronabirusaren eraginez.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 2.340 test egin dituzte azken orduetan, eta 59 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, azaldu dute 19 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan.

Nafarroan berriz, 4.697 koronabirus kasu atzeman dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta herenegungo datuekin alderatuta, 76 kasu gehiago zenbatu dituzte azken orduetan.  

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, azken orduetan, 173 koronabirus kasu berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian eta, guztira, 17.190 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa hasi zenetik. Dena dela, nabarmendu behar da Hego Euskal Herriko 7.964 herritarrek jaso dutela dagoeneko senda agiria. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide