Konfinamenduak eragindako etena baliatuko du udalak Haurreskola berritzeko lanak egiteko

Zarauzko Hitza 2020ko api. 19a, 15:00

Berritze lanak egiten Haurreskolaren kanpoaldean. (Zarauzko Udala)

48.721 euroko aurrekontua bideratu dute sabai-leihoa, atariko tarima eta sukaldeko lanak egiteko.

Gabonetan hasi ziren Haurreskolako berritze lanekin, eta falta direnak hilabete honetan bukatuko ditu Zarauzko Udalak, konfinamendu egoera aprobetxatze aldera. Klaustroarekin hitz egin ondoren hartutako erabakia izan dela adierazi du Irune Urbieta Hezkuntza zinegotzia: "Obren emaitzarekin oso gustura gaude, eta eguraldiak asko lagundu du horiek aurrera eramateko garaian. Tarima eta sabai-leihoa oso egoera kaxkarrean zeuden, eta sukaldearen zati batek berriztapen bat behar izan du.”.

Guztira, 48.721 euroko inbertsioa egin du udalak haurreskolako berritze lanetan. Sabai-leihoko egoera jakiteko azterketa bat eskatu zen:  Kooperatiba del Norte Conor enpresak egin zuen, eta 15.669 euro bideratu ziren zeregin horretara. Atariko tarima ere egoera kaxkarrean zegoen, eta Zur-Eder aroztegia enpresak egin ditu berritze lanak, 15.221 euroko aurrekontuarekin.

Sukaldeari dagokionez, 12.342 euroko inbertsioa egin dute. Garbiketa gunea txukundu eta altzari berriak erosi dituzte: ontzi garbigailu indartsu bat eta plater eta edalontzi berriak, besteak beste. Obra txikiago batzuk ere egin dira; hala nola, arropak esekitzeko aterpea berritu edo manparetan euskarri berriak jarri.

“Osasun Sailak zehaztu beharko du klaseak noiz bueltatzen diren, baina, bitartean, Haurreskola hobetzeko prozesuan gabiltza, haurrak bueltatzen direnean, instalazioak eta materiala egoera bikainean egoteko asmoarekin”, adierazi du Urbietak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide