Aste honetan Zingira Babes Zibileko boluntarioek maskarak eta biserak banatu dituzte herrian zehar: 2.500 maskara eta 300 bisera, guztira. Euskotreneko geltokietan eta Zubiarurre zaharreko autobus geltokian besteak beste. Iban San Martin Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu du 900 maskara banatu dituztela garraio publikoa erabiltzen dutenen artean, 1000 merkataritzako langileen artean, eta 500 maskara Santa Ana egoitzari eman dizkiotela. 3D inprimagailuekin egindako 300 biserak Babes Zibilaren eta Udaltzaingoaren artean banatu dituzte herriko establezimenduetan.
San Martinek gaineratu du 3D inprimagailuetarako lehengaia ematen lagundu duela udalak, eta Zarauzko Babes Zibilari eta Udaltzaingoari eskertu nahi izan die hartutako konpromiso eta egindako lana. Azkenik, 3D inprimagailuekin biserak egin dituztenei eskerrak emanez burutu du prentsa oharra udalak, langileen segurtasunean laguntzeagatik.