Bertsoak: 'Zuri esker'

Zarauzko Hitza 2020ko apirilaren 16a

Iñaki Uria 'Isasti'-ren bertso sorta berria, Benito Lertxundiren Azken arnasa abestiaren doinuan eginak.

-1-
Berrogei ta bost urte joan dira
topatu ginanetikan
Aitor dezaket nire gustuko
zinela lehen unetikan
Zinez eroso sentitzen nintzen
Ez nuen aitzakirikan
Zure bitartez gozatu nuen
nik naturaz gogotikan
Majina ordu igaro ere
hurbil elkarrengandikan

-2-
Urteetan zehar gauzak aldatzen
joan ziren bion artean
Zuk tinko jarrai zenuen,baina
nik mudatuz aldartean
Bisitak murrizten joan nintzen
batuz tartean tartean
Nire bizitza moldatu nuen
zugandikan apartean
Ez nuen uste izango zenik
hura niretzat kaltean

-3-
Leihotik begiratu ondoren
kortina artetik figura
Azken boladan ikusten zaitut
Mantentzen baitut ohitura
Berregitura baten bitartez
aldatu duzu itxura
berreskuratuaz bide batez
lehen zenuen xarma hura
Erabakia hartu behar dut
Hori da nire ardura

-4-
Koronabirusan eraginez
berrogeialdi demasa
Etxetik irten ezinik gaude
Hau egoera eskasa
Beraz erabakia hartu dut
di-da batean.Erraza!!
berriz zurekin elkartuko naiz
lasai hartuaz arnasa
eta ikuspegiaz gozatuz
Nik behar zaitut, terraza!!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide