Lanbidek iragarri du autonomoei eta enpresa txikiei zein ertainei zuzendutako laguntzak handitzea aztertuko duela, atzo gauerditik 10.000 eskaera baino gehiago jaso ondoren. Webgunea kolapsatzea eragin zuen horrek, eta 04:00ak arte ez zen martxan egon. Autonomoek egindako eskaerak jaso ondoren, horiek guztiak aztertu beharko ditu orain Lanbidek , baldintzak betetzen diren ala ez ikusteko eta laguntzak esleitzeko.
Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak azaldu duenez, gaur egun bi modu daude laguntza horiek eskatzeko. Alde batetik, izapidetze elektronikoaren bidez, eta, bestetik, Lanbideren webgunean dagoen formulario baten bidez. Lehen aukera, aztertzen ari diren arrazoiak direla eta, "04:00ak arte ez da martxan egon". Bide horretatik, 08:00ak bitartean 1.836 eskaera iritsi dira.Erakundeak badaki autonomoen kolektiboak "zailtasunak" dituela eta horregatik jarri du martxan laguntza neurria. "Bi modutan egin genezakeen: bata, partida eskaera guztien artean banatuz, eta horrek ez luke inoren arazoa konponduko, edo bi, autonomo batzuei 3.000 eurorekin laguntzeko erabili dugun irizpidea", zehaztu du Belandiak.
Aurreikusitako hiru milioi euroko partida azkar banatuko dela iruditzen zaio Lanbideko zuzendari nagusiari. "Beraz, beste sail batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak zein diren aztertu behar dugu, partida hori handitzea eta pertsona gehiagorengana iristea posible ote den jakiteko. Zenbat eskaera iristen diren ikusi behar dugu, eta gure ondorioak atera".