Arratsaldero bezala, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sareko egoeraren berri eman du orain gutxi Eider Mendoza foru bozeramaileak. Zehaztu duenez, azken datuen arabera, sei lagun zendu dira, eta horietako bat Santa Ana egoitzan izan da; gainerakoak, berriz, Iturbide (Arrasate), Arangoiti (Beasain), Berra (Donostia), Egogain (Eibar) eta San Andresen (Eibar).
Bestalde, hemezortzik eman dute positibo eta hiru gehiagok gainditu dute gaixotasuna. Alta jaso duten egoiliarrak Beasaingo Arangoitin (1) eta Arrasateko Iturbiden (2) bizi dira; gaur arte, guztira, 31 adineko pertsonek jaso dute alta, eta desgaitasuna duten 14k.
Guztira, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan Covid-19n positibo emandako 117 lagun hil dira, 314 kasu positibo daude eta 31 sendatu dira dagoeneko. 16 izaten jarraitzen dute positiboren bat izan duten egoitzak, 38 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dira eta 37 ospitaleratuta daude.