Datorren asteartean eta asteazkenean greba digitala gauzatzeko deia egin dute ehunka euskal kulturgilek. Hain zuzen ere, apirilaren 21ean eta 22an Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia egin dute horiek. Zarauzko eta eskualdeko kulturgileak ere badira 300 lagunetik gorako zerrendan, hala nola Juan Luis Zabala, Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta, Yoseba Peña, Iraia Elias, Itziar Elias, Mikel Markez eta Oier Aranzabal. Dena den, oraindik ere eman daiteke atxikimendua www.kulturgintzan.eus webgunean.
Koronabirusaren hedapena saihesteko neurrien eraginez, Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dagoelako egin dute deialdia, eta beraz, bi egun horietan Interneten ez dute kultur edukirik partekatuko. “Kultur programazio guztiak bertan behera uztea ekarri du itxialdi egoerak. Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du”, azaldu dute grebarekin bat egin duten lagunek.
Kulturaren sektorearentzat larrialdia indarrean den bitartean hartzeko neurriak ez ezik, etorkizunean euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko duten neurri zehatzak hartzeko deia egin diete sinatzaileek erakunde publikoei; izan ere, haien arabera, emanaldiak nahiz kultur lanak bertan behera utzi beharra “modu latzean” ari da zigortzeko euskal kulturgintzaren ekosistema. “Ezohiko larrialdi egoera honek eragindako krisiari elkarrekin aurre egiteko deia luzatu diegu erakunde publikoei. Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari”. Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, erakunde horrek kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk ez duela hartuko erantzun diela eta. “Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da”.
Bestalde, itxialdia bukatzean, kulturaren ekosistemako eragileei sektorearen “gabezia eta premia larriei” aurre egiteko zer egin proposatzeko, eztabaidatzeko, adosteko eta gauzatzeko mahai edo topaketa bat osatzeko deia ere egin dute grebarekin bat egin duten kulturgileek. Eta erakunde publikoei mahai tekniko bat osatzea ere eskatu diete: “Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek beren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun urgentziazko mahai teknikoan eta elkargune iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgintzarentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko?”.
Gogoetarako deia
Itxialdian ere kulturgileek emanaldiak eskaintzen jarraitzen dutela gogorarazi dute egitasmoaren sustatzaileek, eta egoera kontuan harturik, horiek debaldekoak direla azaldu dute. Sortzaileen “eskuzabaltasunaren” trukean, balio sozialari buruzko hausnarketa egiteko gogoeta eskatu diote gizarteari, kultura entretenimendua baino gehiago delako.
Horrenbestez, euskal kulturgintzaz gogoeta egitera bultzatu nahi dituzte euskal herritarrak datozen egunetan. “Bi egunez desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatutako emanaldirik ez eskainiko, ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen”.