Koronabirus kasu berriak hautematen jarraitzen dute Urola Kosta eskualdean. Baina atzo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, herenegun baino kasu positibo berri gutxiago atzeman dituzte: lau kasu. Horietatik hiru kasu Zarautzen diagnostikatu dituzte, eta bat Azkoitian. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dute. Hala, honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman dutenen kopuruak: 105 Zarautzen, 45 Zumaian, hamabost Orion, hamabi Azkoitian, zortzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.
Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.