Kontakturako datuak eguneratzeko deia egin die udalak Zarauzko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei, eta herrian zerbitzua ematen duten autonomoei. Kontakturako datu-basea eguneratzeko asmoarekin egin dute deialdia. "Osasun krisi larria bizitzea tokatu zaigu, ega krisia gainditzen hasten garenean ere, seguruenik, une latzak bizitzea tokatuko zaigu", azaldu du Iker Basurko Garapen Ekonomiko eta Jasangarrirako zinegotziak. Deialdiaren helburua da ostalari eta merkatariekin harreman "zuzenagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa" izatea, "gainera datorkigun egoerari aurre egiteko, denok batera".
Kontaktuak eguneratzeko udalak bi helbide elektroniko jarri ditu eskuragarri: merkatari eta autonomoenk GATC@zarautz.eus helbidera idatzi beharko dute, eta ostalariek turismoa@zarautz.eus era. Horrez gain, 943-00 51 00 telefono zenbakira ere deitu daiteke, 08:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.
Azkenik, Basurkok jakinarazi du dagoeneko biltzen ari dela Murkil eta Zurekin Zarauzko merkatari eta ostalarien elkarteekin. "Guztiok batera, udaletik eskaini dezakegun elkarlana ahalik eta norabide egokienean eta modu planifikatuan bideratu nahi dugu, epe laburrean zein etorkizunera begira. Une aproposa da elkarte horietako bazkide ez dena bazkide egiteko eta etorkizunari berme handiagoarekin aurre egiteko".