Hiru adineko hil dira Santa Ana egoitzan azken orduetan

Zarauzko hitza 2020ko apirilaren 11

Egun gogorrak dira hauek Zarauzko Santa Ana egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, hiru egoiliar dira zendu zentro honetan azken orduetan. Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik hamar dira egoitza honetan hildako adinekoak. 

Bederatzi lagun zendu dira azken orduetan Gipuzkoako egoitzetan, aldundiak jakitera eman duenez. Zarauzko Santa Anan, Ordiziako San Josen, Eibarko San Andres eta Egogainen, eta Donostiako Berran bizi ziren hildako adineko hauek. Esan bezala, hiru egoiliar hil dira azken ordu hauetan Zarauzko egoitzan, eta, orain arte, hamar heriotza zenbatu dira Aldundiak kudeatzen duen egoitza honetan. Eskualdeari dagokionez, beste hiru adineko hil dira krisialdia hasi denetik Zumaiako Otezuri zentroan. 

Horiez gain, beste 34 lagunek eman dute positibo Covid-19 gaitzaren probetan. Beraz, 2.425 pertsona artatzen diren 65 zentrotan, 76 lagun zendu dira eta 296k eman dute positibo. Albiste pozgarriak ere badaude, 25ek gainditu baitute gaixotasuna. Azken orduetan lau lagun gehiago sendatu dira Irungo Caser Residencial Anakan, non guztira 10 alta dituzten, horiei gehitu behar zaizkie Iurreamendiko (Tolosa) bederatzi, Caser Residencial Betharramgo (Hondarribia) hiru, eta Egogaingo (Eibar) beste hiru.

Esker mezua

Eider Mendozak foru bozeramaileak esker mezua luzatu die gaixotasun honen aurkako borrokan murgilduta dauden pertsona guztiei, eta egoitza zentroetako ekipo profesionalak, osasun langileak, egoiliarren senitartekoak, baita erakundeak ere egiten ari diren “sekulako” lana azpimarratu du: “Atsedenik gabe ari gara lanean, gure esku dauden bitarteko guztiak ipiniz, birusaren hedapena gelditzeko, baita oraindik sartu ez den zentro guztietan sarrera oztopatzeko ere”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide