Kiroldegian egingo dute gaur odola ateratzeko saioa, segurtasun neurriak behar bezala hartu ahal izateko. 18:00etatik 20:30 arte izango da hitzordua. Konfinamendu egoerak iraun bitartean bestelako guneak ari dira egokitzen odola ateratzeko saioetarako. "Guk behar duguna da toki zabal bat, ohatilak sakabanatuta sartzeko", azaldu du Sabin Urtzelai arduradunak.
Odol emaile berriak, printzipioz, ez dira joango hitzorduetara egoerak horrela iraun bitartean. "Odol emaile berrien kasuan ez dakigu odola eman dezaketen edo ez zenbait proba egin arte, eta denbora eta baliabideak aurreztu behar ditugu une honetan", jakitera eman du Urzelaik. Odolik eman gabe bi urte edo gehiago daramatenekin ere berdin jokatuko dute.
Odol emaileen elkarteen jarduna ere konplikatu egin du alarma egoerak, baina kirofanoetako jarduna egunotan murriztuta dagoenez, "odol gutxiago" behar dute egunotan. Kontua da bilduta dauden odol poltsak ez direla erabilgarriak denbora luzez, beraz, erabiltzen ez bada ere, ateratzen jarraitu beharra daukate. "Egunero kontrolatu behar ditugu erreserbak, eta horren arabera jende gehiago edo gutxiagori ematen diogu hitzordua".
Aurrerantzean ez dute aurreikusten beharrak asetzeko arazorik odol emaileen elkartekoek. Gaur 50 lagunek emango dute odola, baina noizbait gehiago behar balitz ere Zarautzen odol emaile asko dagoela azaldu du Urzelaik. "Zalantzarik ez daukagu, behar izanez gero, jende asko hurbilduko litzatekeela".