Ikastetxe guztiak itxi zituzten martxoaren 13an; baita Oteitza Lizeo Politeknikoa ere. Nola jaso zenuen berria?
Ikastetxeak berak komunikatu baino lehenago jakin genuen, sare sozialetatik. Une hartan dena airean zegoen. Gero jakin genuen selektibitatea atzeratu zutela. Arraroa izango da, normalean uztailean bigarren aukera izaten delako eta, autengoan, lehenengoa izango da. Uda erdian harrapatzen gaitu. Ez da nire kasua, baina ikaskide askok prest zuten ikasturte amaierako bidaia, eta zapuztu egin zaie guztia.
Daukagun beste zalantza bat da ea azterketan sartzen diren gaiak berdin mantenduko dituzten, uste dut oraingoz ez dutela aldaketa askorik egin. Ez dute gure ikuspuntua kontuan hartzen, klaseak normal jasotzea edo horrela egotea ez delako gauza bera.
Selektibitatea gauza bat da, baina, ikasturtea nola amaituko duzue?
Ez dakigu. Izatez, Aste Santuen ondoren azterketa astea geneukan eta hori atzeratu egingo da, baina ez dakigu noiz izango den. Agian ekainera aldatuko digute, agian maiatzeko azken astera... Pandemiaren kontuak nola egiten duen aurrera ere ikusi beharko da. Gainera, normalean, irakasleek ekaina amaitu arte egiten dute lan, baina egoera hau izanda ez dakigu orduan klaserik gabe geratuko garen, edo klaseekin jarraituz gero nolakoak izango diren.
Ikastetxeak itxi dituztenetik sarean ari zarete klaseak jarraitzen. Nola antolatzen zarete?
Meet aplikazioaren bitartez egiten ditugu klaseak. Horietan galderak baldin baditugu egin ditzakegu eta, beste batzuetan, bideoak igotzen dituzte irakasleek azalpenekin. Ordutegiak berdin mantentzen dira, atsedenerako tarte berdinekin. Esango nuke, egoera nola dagoen ikusita, ondo ari direla antolatzen irakasleak. Erakundeak, ordea, ez. Ikasteko modua antolatzea askoz zailagoa da horrela eta, ez gaudenez ordenagailu aurrean horrenbeste ordu igarotzera ohituta, bat-batean begiko eta buruko mina dugu askok. Oso erradikala ari da izaten guztia.
Zer moduz zaude animoz?
Egia esan, oso kezkatuta. Ez nago oso animoso, ez dakidalako zer gertatuko den. Lehen eta bigarren ebaluaketetako matematika gainditu gabe daukat, eta azken azterketa horiek ez baditugu egiten ez daukat gainditzeko aukerarik. Horrelako kezkak ditugu. Ez daukagu ideiarik azterketak nola egingo diren, ezta egingo diren ere. Selektibitatearenarekin ere ez naiz fidatzen, atzeratu dute uztailera, baina ezin dugu ziurtatu egin egingo denik. Lehendik ere presio handia geneukan ikasturte hau berezia delako, eta horri ezjakintasunaren tentsioa gehitu zaio orain.
Klasekin horrela jarraitu ahal izateko baliabideak behar dituzte ikasle guztiek. Ba al dago arazorik horrekin zure inguruan?
Hala da, baina nik ez dut ezagutu horrelako arazorik duenik. Ikusi dudan arazo bakarra izan da wifiak ez duela ondo funtzionatzen, hori etxeetan askotan geratatzen da. Gertatzen dena da gure ikastetxea kontzertatua dela, eta edonork ez du aukera, ekonomikoki, Oteitzako matrikula ordaindu ahal izateko. Horrek ere zerikusia izango du.
Egoera honen aurrean, zer eskatuko zenieke erakundeei?
Ez egitea Selektibitaterik. Urteroko eskaera da hori, baina uste dut momentu hau egokia dela horretarako.
Zergatik?
Alde batetik, ikasleoi presio handia sortzen digun hitzordua delako, eta ordu jakin batzuetan jokatzen dugulako guztia. Bestalde, ikastetxe kontzertatuetan askotan puztu egiten da emaitza, eta horrek klase bereizketa sortzen du. Norbaitek nota altxatzea beharrezkoa badu, aukeratu duen gradurako hala egin behar duelako, ondo irudituko litzaidake aukera izatea; hautazkoa izan beharko luke.
Berez-berez, goitik behera aldatuko nuke hezkuntza sistema osoa; sarbide nota, eta halako kontuak. Baina selektibitatea ez egitearen pausoa erreala ikusten dut une honetan.