Bertsozaleek badute aukera egunotan beren zaletasunaz gozatzen jarraitzeko, molde berrietan bada ere. Horren adibide da, esaterako, UKTko hedabideek iragan astean eskaini zuten streaming bidezko bertso saioa. Arraio Irratiko Bapateko Unibertsoa saioko kideak ere buru-belarri ari dira uhinen bidez bertsozaletasuna bultzatzen, eta ostiralero saioak antolatu dituzte konfinamendua hasi zenetik.
Bihar ez dute salbuespenik egingo, eta Isolamenduaren Aurkako IV. Bertso Saioa izango da entzungai FM-ko 99.3an, 20:00etatik aurrera. Oraingoan belaunaldi ezberdinen arteko erronka formatuan dator saioa. Gazteenen taldean kantari ariko dira Uxue Alkorta, Aimar Sorazu eta Ane Peñagarikano zarauztarrak. Helduxeagoenean, berriz, Hodei Iruretagoiena, Aitor Urbieta eta Oier Aizpurua. Beren etxeetatik ariko dira bertsotan sei bertsolariak, egoerak hala behartuta, ordenagailuko pantailari begira.