Beste zazpi positibo gehiago aurkitu dituzte herrian

Zarauzko Hitza 2020ko apirilaren 7a

Goraka jarraitzen du kopuruak Zarautzen. Atzo bazirudien mantsotzeko joera hartu zuela, bi kutsaturekin bakarrik, baina azkenaldiko dinamikari heldu dio berriz ere. Dagoeneko 89 dira gaitzaz jotako zarauztarrak.

Egunez egun handitzen ari da COVID-19 gaitzarekin gaixotutako lagun kopurua Urola Kostan, eta Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, eskualdean 168 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, zortzi kasu berri atzeman dituzte eskualdean, eta  horietatik zazpi kasu baieztatu dituzte Zarautzen; 89 herritarretara igo da kutsatuen kopurua. Zumaian 34 herritarrek dute koronabirusa, eta Orion 14k; izan ere, Orion kasu berri bat atzeman dute azken orduetan. Azpeitian 8 dira gaixorik daudenak, eta 7 Azkoitian. Getarian eta Zestoan 3na lagunek dute gaitza, eta Aian eta Aizarnazabalen 2na herritarrek.

Hego Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 12.376 lagun daude kutsatuta, eta 788 hil dira gaitzaren eraginez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.021 kasu positibo baieztatu ditu Osakidetzak orain arte, eta 211 azken orduetan atzemandakoak direla jakinarazi du. Gainera, gaitza zuten 38 lagun hil dira herenegundik eta, guztira, 586 dira COVID-19aren eraginez zendu direnak.  

Nafarroan berriz, 3.355 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatuak eta 202 hildakoak. Hala, azken orduetan,  104 positibo berri eta 15 hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide