Errenta aitorpena "etxetik mugitu gabe" egiteko bideak jarriko ditu aldundiak

Zarauzko Hitza 2020ko api. 6a, 10:18

2019ko Errenta kanpaina gaur hasi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Larrialdi egoera kontuan hartuta, zergadunek "etxetik mugitu gabe" aitorpena egiteko modu berriak jarri ditu foru Ogasunak. Zergabidea plataforma digitala erabiltzera animatu ditu zergadunak Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak. Errenta egiteko prozedura delegatzea errazteko bideak ere ipini dituzte, eta telefono bidezko arreta indartu dute.

Gaur hasiko du 2019ko Errenta kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak. Larrialdi egoera kontuan hartuta, Gipuzkoako zergadun guztiek “etxetik mugitu gabe” egiteko bideak zabalduko ditu foru erakundeak. Aurrez aurreko arreta ematea ezinezkoa delako, atzeratu egin dute errentaren modalitate mekanizatua. “Hori horrela izanda, gure ahalegin guztiak dauzkagun zerbitzu telefoniko eta telematikoetan jarri ditugu”, adierazi du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Helburu jarri dute Errenta kanpaina %100ean modu telematikoan egitea.

Aurtengo Errenta kanpainan, Zergabidea plataforma teknologikoak (zergabidea.gipuzkoa.eus)  “berebiziko garrantzia” izango duela nabarmendu du Larrañagak. Autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da plataforma horretatik. Proposamena jaso ez dutenen kasuan, berriz, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke plataformaren bidez, eta datu horiekin aitorpena osatzeko eta aurkezteko aukera egongo da. Falta diren datuen kasuan, horiek gehitzeko eta beharrezko egiaztagiriak atxikitzeko aukera ere ematen du plataformak.

Larrañagak azaldu duenez, Zergabideara sartzeko beharrezkoa da klabe operatiboa izatea, B@kQ kodea, B@k kodea, ziurtagiri elektroniko edota posta eta pasahitz baten bidez erregistroa egitea. Hala ere, pauso hori errazteko Ogasunak prozedura telematikoa jarriko du martxan, zergadunak etxetik mugitu gabe B@k klabea eskuratzeko aukera izan dezaten.

Horrez gainera, Gipuzkoako Ogasunak indartu egin du Errenta kanpainako telefonozko arreta zerbitzuan aritzen den lantaldea. Arreta zerbitzuko teléfono zenbakia 943-11 30 00 da.

Aitorpena beren kabuz osatu ezin dutenentzat, erraztu egingo du Ogasunak jarduera beste pertsona bati delegatzeko prozedura. Ordezkaritza emateko tramitea erabat telematikoa izango da. Zergabidearen bitartez aitorpena aurkeztera animatu ditu zergadunak Ogasuneko diputatuak: “Beldurrik gabe ausartu daitezela plataforma erabiltzera, bereziki Ogasuneko bulegoetan aurkezteko ohitura duten zergadunak. Eta, kapaz ez direla uste badute, beste pertsona batean delegatu dezatela. Aukera denak irisgarriak dira oso eta irekita daude, zergadunaren esku-eskura”, azaldu du.

Aurreikuspenak eta aitorpen kopurua

Foru Aldundiak 390.000 aitorpen jasotzea espero du aurtengo Errenta kanpainan, iazkoan baino 7.000 gehiago. Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, 288,8 milioi euro itzuliko dizkie Ogasunak zergadunei, eta hauek 264,2 milioi euro ordainduko dituzte. Saldoa, guztira, 24,6 milioi euro negatiboa da Ogasunarentzako. Ogasuneko foru diputatuak kanpainaren zifrak “modu positiboan” baloratu ditu: “Aurreko urteko kanpainaren antzeko zifrak dira, eta hura oso kanpaina ona izan zen”.

Larrañagak Covid-19 gaitza zuzenean pairatzen ari diren herritarrei elkartasuna adierazi die eta eskerrak eman dizkie zerbitzu kritikoetan lanean ari diren guztiei. Foru Ogasuneko langileak ere kontuan izan ditu diputatuak: “Ogasuna zerbitzu publiko guztiak sostengatzen dituen oinarrizko zutabea da, erakundeak, osasuna eta zerbitzu sozialak finantzatzeko erreminta. Ondorioz, zilegi da aitortzea krisi orokorreko egoera honetan foru erakundeko langileak egiten ari diren lana”.

Errenta kanpainako datak

  • Apirilak 6: ordutik aurrera onartu ahal izango dira autolikidazio proposamenak. Proposamenak honako webgunean kontsulta daitezke: www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena. 303.074 zergaduni eragiten diete modalitate honek; aitorpen guztien %66,1a da. Dagoeneko, 60.000 proposamen inguru bidali ditu foru Ogasunak.
  • Apirilak 15: Internetez aitorpena aurkezteko epea hasiko da, Zergabidea plataformaren bitartez.
  • Uztailak 29: bi modalitate horietan errenta aurkezteko epea amaituko da.
  • Datarik gabe: Ogasuneko bulegoetan egiten den errenta mekanizatuak oraindik ez dauka datarik. Egoera bere onera etortzen denean jakinaraziko dute. Bitartean, modu horretan aitorpena egiten dutenak Internet bidez aurkeztera

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide