Bolada luzez lozorroan egon da Anestesia musika taldea, Mikel Kazalis proiektuaren gidari eta arima osasun arazoekin ibili delako. Orain, urak baretu direnean, berriro oholtza gainera itzultzeko indarrak berreskuratu ditu, eta biran murgilduko direla iragarri du; Fenix Tour MMXX izena jarri diote, errautsetatik birsortu zen txoria bezala.
Bost data dituzte une honetan konfirmatuta, eta lehen kontzertua maiatzaren 23an joko dute Miarritzeko Atabal aretoan. Beste lauak udatik aurrera etorriko dira: abuztuaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian; irailaren 19an, Azkoitiko Elkargunean; Urriaren 31n Iruñeko Totem aretoan; eta azaroaren 21ean, Durangoko Plateruenan.
Hala eta guztiz ere, aurki data gehiago iragartzen joango direla azaldu dute taldeak Facebook atarian duen profilean.