Sintomarik ez duten herritarrei test azkarrak egitea erabaki du Espainiako Gobernuak

Zarauzko Hitza 2020ko api. 5a, 16:59

Gaur esan du milioi bat test banatuko dizkiela autonomia erkidegoei. Horiei eskatu die zerrendatzeko lurralde bakoitzean dauden azpiegiturak herritarrak isolatu ahal izateko kiroldegi, aterpetxe, hotel eta halakoetan.

Gaur asmo gehiago iragarri ditu beste behin Espainiako Gobernuak COVID-19 birusaren hedapena gutxitzeko. Eguerdian bilera egin du autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta jakinarazi die milioi bat test azkar egingo dizkietela sintomarik ez duten herritarrei. Test horiek gaur edo bihar iritsiko direla gaineratu du.

Hala, test horietan positibo ematen dutenak bakartzea da asmoa. Horregatik, erkidegoei eskatu die zerrendatzeko, apirilaren 10a baino lehen, zein azpiegitura dituzten isolamendurako, publikoak nahiz pribatuak; kiroldegiak, aterpetxeak, hotelak eta halako eraikinak izan daitezke. Toki horietara bideratuko lituzkete beren etxeetan bakartuta egoterik ez duten pertsonak.

Espainiako Gobernuak atzo bertan hartu zuen beste erabaki garrantzitsu bat: konfinamendua hamabost egun gehiago luzatzea, apirilaren 16ra arte.

Sanchezek nabarmendu zuen konfinamendua altxatutakoan ere jarraitu egingo duela seguru aski alarma egoerak, horrekin ez delako bukatuko krisialdia. Umeak etxetik irteteko edo kirola egiteko aukerarik ez zuen aipatu Sanchezek, ezta maskaren erabileraren gaineko neurririk ere.

Bestalde, industriaren geldialdia ez luzatzea erabaki zuten; Aste Santuaren bukaerara arte ezarri zuten ezinbestekoak ez ziren aktibitateak eteko neurria, eta horri ez diote luzapenik emango.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide