Atzotik gaurrera COVID-19 gaitza duten hamar kasu positibo berri atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen azken datuen arabera, dagoeneko 147 dira gaixotasun hori dutenak eskualdean. Azken orduetan, koronabirus kasu berriak Zarautzen, Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian hauteman dituzte.
Zarautz da koronabirus kasu gehien duen eskualdeko herria, 80 lagunekin; azken orduetan sei kasu positibo atzeman dituzte udalerri horretan. Zumaian beste kasu bat gehiago atzeman dute; guztira, 33 herritarrek dute gaitza. Azkoitian ere kasu positibo bat gehiago atzeman dute atzotik gaurrera; hala, zazpi herritarrek dute gaitza. Azpeitian, berriz, bi kasu positibo hauteman dituzte azken orduetan, eta guztira, zortzi herritar dira koronabirusarekin gaixo daudenak.
Gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Hau da, atzotik gaurrera ez dute kasu positibo berririk atzeman. Beraz, Orion hamar herritarrek dute gaixotasuna; Getarian eta Zestoan, hiruna herritarrek; Aian, bik; eta Aizarnazabalen kasu positibo bakarra dago. Beizaman eta Errezilen, berriz, oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira betiere Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialak; izan ere, gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.
11.701 kutsatu Euskal Herrian
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta 693 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, beste 542 kasu positibo atzeman dituzte, eta 45 heriotza berri zenbatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 441 pertsonek. Denera, 8.628 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 38 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.