Gustura egingo zukeen bideo elkarrizketa gurekin Aitor Frantzesena, Gallo, surflari zarauztarrak, kontatzeko zeinen gogor jo duen bera koronabirusak. Baina etxean bakarrik dago martxoaren 15etik, eta ezin da moldatu elkarrizketa horrela egiteko. Ordea, telefonoz luze eta zabal aritu da berak bizitakoa azaltzen.
"Bitzitako egun txarrenak" igaro dituela azaldu du. Martxoaren 5ean Ameriketarako hegazkina hartu zuen Madrilen, eta uste du han kutsatu zela. Astebete egin zuen Kalifornian, munduko surf txapelketa jokatu eta irabazi zuen, eta ondo sentitu zen denbora guztian. Bueltan, Kanadan zela, sentitu zituen sekulako sukarra eta hotzikarak. Susmatu zuen zerbait txarra zetorkiola. "Aireportuko taberna batean esne beroa eskatu nuen eta ibuprofeno bat hartu nuen, eta horrela Madrileraino". Ezagutzen zituen ordurako koronabirusa zuten batzuk, eta haien senide eta lagunei galdetu zien ea nola aurkitzen ziren haiek. "Esan nien gaixo nengoela uste nuela. Esan zidaten ez hartzeko ibuprofenoa, paracetamol hartzeko. Bi kaxa erosi nituen eta etxera sartu nintzen. Hurrengo egunean, astelehena, okerrago nengoen, hurrengo egunean okerrago, asteazkenean ere bai, eta horrela egon nintzen astebete".
"Sekulako sukarra neukan, diarrea, buruko mina, gorputza zizko... Eta hamar egunera hasi nintzen eztularekin. Orduan esan zidaten ospitaleko larrialdietara joateko". Izan ere, egun horietan, Poliklinako zuzendaria berarekin harremanetan jarri zutaen hainbat aldiz, "nire arrebaren lagunmina delako". Hark esan zion sintomak koronabirusarenak zirela, eta larrialdietara joateko. Sukarraekin hasi eta hamar egunetara izan zen hori.
Ospitalean plakak atera zizkioten, baina garbi zeudela zirudien, eta sukarrarentzat paracetamol hartzen jarraitzeko esanda, etxera bidali zuten "koronabirusaren proba egin gabe, ez zeukatelako". Etxean beste bi egun egin zituen, baina okerrago sentitzen zen, eta Poliklinikako zuzendariak esan zion bertaratzeko, han proba egiteko. Analisiak egin eta positibo eman zuen. Bost egun egin zituen ingresatuta, eta hirugarren egunean hobeto sentitzen hasi zen. "Eztula eta itolarria sentitzen nituen, baina bosgarren egunean hobeto ikusi ninduten, eta etxera etorri nintzen".
Seigarren eguna du hau etxean, eta orain ondo sentitzen dela azaldu du. "Kristoren indarrarekin nago, eta egunetik egunera hobeto. Eztula ere desagertu da, eta kristoren pozik nago".
Beldurtuta
"Hain gaizki nengoen, ez bainekien zer gertatuko zen. Ez neukan jateko gogorik, eta jaten nuen guztia behetik joaten zen. Gauetan, berriz, deliratu egiten nuen; hamar gau pasa nituen lo egin gabe, behin eta berriz istorio bera errepikatzen zitzidan. Oso-oso gaizki pasa dut, burua galtzekoa izan da". Aitortza latza egin du: "Duela sei urte itsu gelditu nintzen, senitartekoak hil zaizkit, eta bizi izan ditut beste egoera batzuk... Eta zin dagit bizitzan ez dudala inoiz horren gaizki pasa. Beraz, norberak atera ditzala bere ondorioak. Batzuek arinki pasako zuten birusa, baina badakit beste batzuei ere oso gogor jo diela".
Osakidetzarekiko kritikoa da, etxean sukarrarekin zegoenean ez zitzaiolako inor joan tenperatura hartzera, "itsua izan arren eta anbulatorio ondoan bizi izan arren eta jakin arren oso gaizki nengoela". Pena, tristura eta amorrua eragiten dio horrek. "Deitzen zidaten egunero, baina esaten zidaten ezin zutela etorri".
Bakarrik egon da etxean denbora guztian, eta hala egoteko asmoa du hil bukaerara arte. "Alaba bat dut eta ez dut ikusi martxoaren 5etik, ez dudalako inor kutsatu nahi. Bi arreba zoragarri ditut, eta haiek ekartzen didate jana eta ate ondoan uzten. Eskerrak haiei", azpimarratu du.
Donostiako Ospitalean koronabirusaren proba egiteko baliabiderik ez edukitzeari ere larria deritzo, eta baita han sentitu zuen antolaketa faltari ere. "Oso ondo tratatu ninduten, baina baliabiderik gabe zeuden, kaos handia zegoen eta hori lau gaixo geundela, ez ginen askon. Oso gaizki pasatu nuen".
Garaipena ospatzea baino garrantzitsuagoa
Munduko surf txapelketa irabazita itzuli zen Euskal Herrira. Oso-oso pozik, eta "horrenbesteko esfortzua egin ondoren", hilabete bat lasai pasatzeko asmotan. Baina herrira iritsi zenerako ez zegoen ospakizunetarako. "Hori da gutxienekoa", esan du argi. "Udaletxetik edo nonbaitetik etorri behar badu aitorpenen batek, ondo, baina ez da gehien betetzen nauena. Urteko lehen helburua lortuta, nahi nuena zen etxera etorri eta hau pasatzea lehenbailehen, ez nuelako nahi inor kutsatu. Bakarrik bizi den ama bat dut, eta ez dut harengana ere joan nahi; horiek zaindu behar ditugu".
Astelehenetik sukarrik ez duela esan du. Beraz, egun horretatik hasi eta hamabost egun pasatakoan, atera ahalko luke etxetik, eta baita senitartekoekin edo lagunekin egon ere. Baina Gallok egun gehiago egon nahi du bakartuta bada ez bada ere: "Denetarik entzuten da, eta apirilaren amaierara arte ez dut etxetik irten nahi. Alabarekin ere ez naiz egongo ordura arte".