Gaixotasuna hedatzen ari da eskualdean, eta gero eta herri gehiagotan ari dira hautematen kasu positiboak. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituzten azken datuen arabera, bost positibo berri baieztatu dituzte Urola Kostako herrietan, horietako bat Aizarnazabalen hauteman duten aurrena izan da. Dagoeneko 137 dira COVID-19 gaitza dutenak Urola Kostan.
Zarautz da koronabirus kasu gehien duen eskualdeko herria, 74 lagunekin; azken orduetan kasu positibo bakar bat gehiago atzeman dute udalerri horretan. Zumaian ere kasu bat gehiago atzeman dute atzotik gaur bitartean; guztira, 32 lagunek dute gaitza. Orion, Zestoan eta Aizarnazabalen kasu berri bana atzeman dute azken orduetan; hala, Orion hamar dira gaitza dutenak, Zestoan hiru eta Aizarnazabalen bat.
Gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Hau da, atzotik gaurrera ez dute kasu positibo berririk atzeman. Beraz, Azkoitian eta Azpeitian seina herritar daude gaixorik, Getarian hiru eta Aian bi. Beizaman eta Errezilen, berriz, oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira betiere Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialak; izan ere, gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.
11.159 kutsatu Euskal Herrian
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.159 lagun daude kutsatuta eta 648 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, gainera, beste 491 kasu positibo atzeman dituzte, eta 53 heriotza berri zenbatu. Atzotik gaurrera, koronabirusean positibo eman dute 360 pertsonek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Denera, 8.187 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan.
33 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Osasungintza pribatuan lan egiten zuen langile bat hil da gaur goizean Bizkaian, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du berria: “Koronabirusean positibo eman zuen langileak eta beste patologia batzuk ere bazituen”. Azken egunak, Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalean eman zituen ingresatuta hildako langileak. Euskal Herrian hildako bigarren osasun langilea da.
Lurraldeka, berriz, Bizkaia da COVID-19ak gehien astindu duen lurraldea, 4.224 gaixoturekin eta 224 hildakorekin; Araban 2.539 lagunek dute gaitza, eta 184 herritar dira hildakoak; Nafarroan 2.972 kutsatu zenbatu dituzte, eta 171 dira hildakoak; eta Gipuzkoan 1.424 dira gaixoak eta 69 pertsona hildakoak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.